Muru auzorako bidea egokitzeari lehentasuna emango dio Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko maiatzaren 4a

Ez da albiste berria Muru auzoan obrak beharrezkoak direla. Saneamendu lanak –ur zikinen eta euri uren sarea berritzea– eta batez ere auzorako errepidea egokitzea dira egin beharreko lan nagusiak. Udalaren arabera, aurreko legealdian Arabako Diputazioak, Foru Planean emandako murrizketak zirela-eta, atzera bota zuen obrak egiteko dirulaguntza. Horregatik Udalak ez ditu Muruko lanak 2012ko aurrekontuan sartu. Hala ere, Andoni Solupe Hirigintza zinegotziaren arabera Muruko lanak "erabateko lehentasuna" direnez, datorren astean dirulaguntza eskatuko dute berriro ere, 2012 eta 2015 arteko Foru Planaren barruan gauza daitezen.

Soluperen arabera, bilera ezberdinak egin dituzte auzo alkatearekin eta beste zenbait auzotarrekin egoera nola dagoen azaltzeko.

Maiatzaren 9a da dirulaguntza eskatzeko azken eguna eta Udalak dokumentazio guztia gertu duen arren, osoko bilkuran onartu beharra dago. Hala, datorren astelehenean, hilak 7, ez ohiko osoko bilkura deitu dute. Obren aurrekontua 365.659 eurokoa da eta Udalak espero du 2013an hasiko direla lanokin. 

14 urte itxoiten

Luis Arana auzotarraren arabera, 14 urte daramate obrak noiz hasiko diren itxaroten: "14 urte dira errepidea Udalari utzi genionetik eta orduan esan ziguten errepidea konpontzearena euren ardura izango zela. Ordutik ez da ezertxo ere egin, ez dute segurtasun kontuengatik eskatutako bazter-babesa jarri ere".

Horrez gain, Aranak gaineratu du larrialdi kasuetan egoera oso zaila izaten dela: "Anbulantziek ez dute hona etortzerik nahi izaten eta behin, sute bat izan zenean, suhiltzaileek ezin izan zuten hemendik pasa errepidea oso estua delako. Errua aurreko udalbatzarena da, ez ziguten kasurik egin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak