Ekimenaren helburuak honakoak dira, antolatzaileek jakinarazi dutenez: irakurzaletasuna sustatzea, euskararen erabilera gozagarria bultzatzea, irakurketak suposatzen duen gozamenaren aldarrikapena egitea, herritarra liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea eta bide batez, euskarazko liburuen ekoizpena eta salmenta areagotzea.
Parte hartzeko gonbidapena
Txirritola euskara elkarteak aramaioar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu. Nola parte hartu? Hasteko eta behin, erabiltzaileak euskarazko liburu bat hartu behar du udal bibliotekatik, etxera eraman eta irakurraldiaz gozatzeko. Liburua irakurtzerakoan udal bibliotekara itzuli, hiru galdera orokorrez osatutako irakurle fitxa bete eta erosketa txartela hartu behar da liburutegian bertan.
Behin erosketa txartela hartu eta Elkar liburu-dendan erakutsi ostean, beste edozein liburu %25 merkeago erosi ahalko da. Eta ez hori bakarrik, erosketa txartela duten Txirritolako bazkideek %50eko deskontua izango dute; liburua erdi prezioan erosteko aukera, hain justu.
Ekimenak bi hilabete iraungo du, apirilaren 23tik ekainaren 30era. Bestalde, maiatzean eta ekainean 30 euroko erosketa txartel bat zozketatuko da bibliotekan, ekimenarekin bat egiten duten parte hartzaile guztien artean.