Nolakoak izan dira legealdi berriko lehen hamar hilabeteak?
Hasteko, aurreko udalbatzaren lana aipatu nahiko nuke. Sartu ginenean asko lagundu ziguten eta oraindik ere laguntzeko gertu daude. Ondo egindako lanari jarraipena ematen ari gara.
Politikan sekula egon gabekoak ginen, ikasten gabiltza. Gure taldeko zinegotzi bat kanpoan dago eta Aramaioko Alkartasuna alderdiko bi zinegotzirekin batera ari gara lanean. Legealdi hasieran udal gobernua alderdi guztiekin osatzea proposatu genuen baina EAJk ez zuen bat egin. Hala ere, EAJko Iñaki Nafarratek oposizio konstruktiboa egin behar zuela esan zigun eta horrela ari da izaten.
Lanean nahiko ondo ari garela esango nuke; harreman ona dugu herritarrekin.
Abiadura Handiko Trena egiteko lanek bereziki kaltetu duten herria da Aramaio. Nola daude lanak?
Adifek dio aurten amaituko dutela azpiegitura lanekin Gerora etorriko lirateke errailak, elektrizitatea eta bestelako lanak. Luze joko du.
Hala ere, ezin dugu ahaztu errepidea urtebete luzez itxita izan genuela eta horrek eragindako kalteen ordainak eskatuta daude Adif eta Espainiako Sustapen Ministerioan. Apirilaren 8rako eman behar zuten erantzuna, baina ezer ez. Eskaerek aurrera egin dezaten agiri gehiago betetzea eskatzen ari dira; horren gainean ez dago ezer garbi.
Aurreko legealdian jaiotako Aramaio Baserri Barri ekimenarekin jarraitu duzue. Zein fasetan dago orain?
Hasiera fasea gaindituta, hazkunde fasean dago. ABB fundazio moduan eratuta dago eta Udalak hiru ordezkari ditu zuzendaritza taldean.
Gainera, ABBren egoitza nagusia izango den Mendiolako berrikuntza eta ikerketa zentroa hilabete barru, maiatzean, inauguratuko dugu. Lanak egun gutxi barru amaitzea espero da. Jaurlaritzako nekazaritza arloko arduraduna etortzekoa da. Asmoa da lehen taldea, Aramaioko Sagardogileen Elkartea, ekainean egoitza berrian ekoizten hastea. Egun bederatzi talde daude eta horietatik zazpik bertako produktuak ekoizten dituzte. Horrez gain, Aramailur kontsumo taldea dago eta baita AOBT ere, Aramaioko ondarea berreskuratzea helburu duen taldea. Taldeen arteko harremana oso ona da. Orain talde bakoitzak ABB fundaziora zein ekarpen ekonomiko egin zehazten dihardute, izan ere, talde guztiek ez dute ibilbide bera eraman. ASE, esaterako, aspaldi hasi zen funtzionatzen.
Bestalde, beste herri batzuen artean piztutako erantzuna dela-eta harrituta gaude. Asteburu honetan bertan Oñatiko alkatea eta nekazaritza arloko bederatzi zinegotzi etorriko dira. ABBren oinarria parte hartzea da eta guk hori lehen sektoreari begira jarri dugu. Baina parte hartze horretan herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta guk ere beste ereduak ezagutu gura ditugu.
Hiltegi zaharreko obrak atzeratu egin ziren. Amaituta dago guztiz?
Bai lanak amaituta daude eta eraikina erabiltzeko moduan dago. Beheko pisua Aramailur kontsumo taldearendako izango da printzipioz –hil honetan erabiltzen hasiko dira– eta komun publikoak ere bertan jarriko ditugu. Goiko pisuan, bestalde, udal artxiboa joango da. Beste erabilera batzuk emateko aukera ere egongo da.
Austriako enpresa batek Aramaio Biomasa sistema jartzeko herri aproposa zela adierazi zuen. Hala da?
Bai. Energia biomasa deritzon sistemaren bidez lortzea gai oso garrantzitsua da guretako. Iaz gas fakturak izugarri hazi ziren eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko beste urrats bat ematera animatu zuen aurreko udalbatza. Bi hitzetan, egurra erabiliz ur beroa lortzean datza eta hala energia etxeetara banatzea. Euskal Herrian kasu batzuk badaude, baina eraikin publikoetara bideratuta. Guk herritarrei helaraztea gura dugu, Ibarra auzotik hasita. Esperientzia pilotua izango litzateke, beraz.
Inbertsio handia eskatzen duenez, Energiaren Euskal Erakundearen laguntza beharko genuke; proiektua aurkeztuta dago dagoeneko eta begi onez ikusten dutela esan digute. Ea aurrera doan...
Auzoek berebiziko garrantzia dute Aramaion. Nolakoa da Udalaren eta auzo alkateen arteko harremana?
Oso ona. Tarte hau aprobetxatu gura dut euren lana eskertzeko, zenbait gai eurekin batera bideratu ditugulako eta eman duten laguntza izugarria izan delako.
Udalak lehentasuna eman die auzoei eta auzo alkateen eskaerak modu berezian jaso eta aztertzen ditugu. Hala, eskaeren artean premiazkoena zein den aztertu eta auzolanaren bidez lan ezberdinak egiteko ohitura hartu dugu. Iaz Uribarri auzoan egin ziren auzolanak eta aurten Untzillan egingo dira.
Zeintzuk dira gaur egun auzoetako premia nagusiak, orokorrean?
Une honetan, hobi septikoak kentzea eta saneamendu orokorra egitea. Jaurlaritzako ur agentziako arduradunekin egon ginen eta ados daude gure proposamenarekin. Hala, lan horiek aprobetxatu gura ditugu behar den moduko bidegorria egiteko. Hau da, erreka ondotik uraren kanalizaziorako obrak aprobetxatuko genituzke Arrasateko araztegira urak ekarri eta Arrasateraino bidegorria osatzeko. Aukera oso polita ikusten dugu Arrasateraino oinez edo bizikletan joateko. Kasu honetan ere Diputazioak erabakiko du, Ingurumen Sailak. Eurek dute azken hitza. Hala ere, Arrasateko alkateak badu gaiaren berri eta ados agertu zen guk egindako proposamenarekin.
Zehaztu daiteke eperik bidegorri hori errealitate izan dadin?
Urtebete pasa ostean zerbait jakin beharko genuke Jaurlaritzako ur agentziaren eta Diputazioaren aldetik. Izan ere, oraindik egiteke dagoen Plan Orokorrean proiektu hori aurreikusita dago.
Nolako harremana duzue Aldundiarekin?
Harremana ez da txarra. Baina hitz politak izan arren gutxitan jasotzen ditugu erantzun eraginkorrak. Itxaropentsu gaude batez ere kultura, euskara eta kirol arloko arduradun den Itziar Lamarain arrasatearrarekin. Izan ere, musika eskola egiteko proposamena ondo ikusi du eta espero dugu legealdi honetan aurrera egingo duela. Era berean, baina, eskualde mailan diskriminatuta gaude. Zuiako koadrila osatzen duten sei herritatik bostetan Bildu dago alkatetzan eta beste koadrilak baino diru gutxiago jasotzen dugu.
Aramaio, Arabako langabe gutxien dituen herria. Bizi ditugun garaiondako albiste pozgarria, ezta?
Estatistikei begiratu gero %3ko langabezia tasa dugu Aramaion. Oso kopuru baxua da baina kontuan hartu behar dugu aramaioar askok Arrasaten egiten dutela lan. Formakuntza aldetik lan handia egin da eta akaso hor egon daiteke gakoa.
Gai horrez arduratzen den teknikari bat eguaztenero etortzen da udaletxera.
Lurgorri eguneko zentroak urtebete egin du. Pozik zaudete?
Oso pozik gaude. Aramaioko zazpi erabiltzaile ditu eta oso pozik daude. Hainbat ekintza egiten dituzte eta adineko jendearendako oso leku garrantzitsua da.
Udal aurrekontuak aspaldi onartu zenituzten. Bi hitzetan, nolako aurrekontuak dira?
Bai, iazko azaroan onartu genituen. %26ko jaitsiera izan dute 2011ko aurrekontuarekin alderatuz. Fofel-ek, Udalaren diru iturri nagusiak, %15eko jaitsiera izan du aurten. Murrizketa aipagarriena Hirigintza arloan egin da. Bestalde, zergak ez igotzeko apustua egin dugu. Lehentasuna eman diogu aurreko legealdiko proiektuekin jarraitzeari.
Aramaion hondakinak atez ate biltzea aurreikusten duzue?
Oraindik ez dugu aztertu baina gure programan argi esan genuen erraustegien aurka gaudela eta ahalik eta gehien birziklatzea dela etorkizuna. Ondoko herrietako esperientzietan oinarrituko gara atez atekoa Aramaiorako ere aproposa den ikusteko.
Amaitzeko, noiz izango dugu aguazila Aramaion?
Ekainean irtengo da postua. Hamar hautagai daude eta, besteak beste, mezularitza lana, kontsumo ezberdinen kontaketa egitea eta obren kontrola eramatea izango dira bere lanak.
-----------------
Herritarrak alkateari galdezka
Gantzaga auzoan papera birziklatzeko edukiontzia falta da. Noiz jarriko dute? "Galdera egin duen herritarrari arrazoi osoa eman behar diot. Izan ere, badakigu aspalditik falta dela papera birziklatzeko edukiontzia. Gai horren atzetik ibili gara eta eskaera egin genuen bere garaian Aldundian; horiek jartzearena Diputazioaren ardura da. Beraz, Gantzagan falta den edukiontzi urdina ere Aldundiak jarri beharko du, eta, horrela, auzotarrek edukiontzi guztiak izango dituzte erabiltzeko moduan. Uste dugu laster jarriko dutela, ea datorren hilerako den".
Kiroldegian kantxa bakarrik erabiltzen da. Gimnasio bat jar daiteke, adibidez? "Ados nago Aramaion behar den moduko gimnasio bat jartzearekin. Beharra badagoela ardi dago, baina ez dago leku aproposik: orain, adibidez, udaletxeko osoko bilkuren aretoan pilatesa egiten da. Gimnasioa aurreikusten zuen proiektua bidalita dago Aldundira eta gai horren gainean egin dugu berba egun Diputazioko Kultura eta Kirol arloko arduradun Itziar Lamarainekin. Esan zigun halako proiektu handiekin ez daudela ados; agintaldi honetan, behintzat, ez da egingo".
Ur depositu berria egitekoa zen, baina noizko egongo da erabilgarri? "Goikoerrotako depositu zaharrak pitzadura askotxo ditu eta ura galtzen du. Aurreko agintaldian depositu berria jartzeko lursaila erosi zen eta Diputazioko teknikariekin egon ginenean ur deposituena eurendako lehentasuna zela esan ziguten. Hala ere, iaz Araba osoan bi depositu berri bakarrik egin zituzten. Beraz, Diputaziokoen erabakia da eta horren aurrean guk ezin dugu gauza handirik egin; behin eta berriz eskatzea besterik ez zaigu gelditzen. Udalaren aldetik egin dira urrats guztiak".
Azken urteetan izandako denden itxieraren aurrean zer egingo duzue? "Krisiaren ondorioa izan daitekeela dirudi, baina azken bi dendek jabeak erretiratu egin direlako itxi dituzte ateak. Belaunaldi berriek negozioarekin jarraitu ez dutelako itxi dute, hain zuzen. Hala ere, kontuan hartu behar da azken bi urteetan bi taberna berri zabaldu direla Aramaion, eta, beraz, ez dut uste krisiarekin zerikusi handirik duenik. Gai horrekin sentsibilizatuta gaude, eta, adibidez, denda berri bat zabaltzeko babesa eman diogu partikular bati".
-----------------
Oposizioaren balorazioa
Iñaki Nafarrate (EAJko bozeramailea): "Udal gobernuak orain arte eraman duen ibilbidearen gainean ezin daiteke balorazio onik egin. Nire ustez, lana koordinaziorik gabe egin da eta koordinazioa udaletxean zein beste edozein administrazioetan beharrezkoa da. Borondate ona egon arren, udal ordezkarien arteko koordinazio falta oso nabaria da. Lana ondo eginez proiektu gehiago gauza daitezkeela uste dut, izan ere, egun dauden zinegotziak inoiz baino prestuago daude eta inoiz baino baliabide gehiago dituzte. Hala ere, horri guztiari ez zaio behar den moduko etekinik ateratzen".
Alkatearen erantzuna: "Bere ikuspuntua errespetatzen dut baina ez nago ados. Udal gobernua talde bat moduan ari da lanean, talde lana da-eta gure lehen oinarria. Koordinazio falta dagoela? Izan daiteke, baina lan honetan berriak izatearen ondorio moduan ikusten dut. Eskerrak aurreko legealdiko taldearen laguntza izan dugula hasieratik. Gainera, ezin dugu ahaztu zinegotzi bat ere falta dela taldean, hamar hilabetetarako kanpora joan zelako. Esango nuke orokorrean zinegotzi guztiak oso lan ona egiten ari direla".
-----------------
Oposizioa alkateari galdezka
Etxaguen auzoko obrak izugarri atzeratu dira. Noiz hasiko dira lanak? "Aurreko legealdian ez ziren lanak hasi beste arazo larriago batzuk egon zirelako. Obra handia da eta orain bultzada eman diogu lanak ahalik eta lasterren has daitezen. Joan den egubakoitzean sinatu genituen aktak eta astebete barru hasiko dira lanak. Zortzi hilabetez luzatuko direla aurreikusten dugu".
Muruko obra egiteko dirulaguntza galdu egin da ez delako ezer egin... "Ez da utzikeria izan. Iaz, Aldundiaren foru-planeko 62 obra atzera bota ziren eta horietako bat izan zen Murukoa. Aurten eskatu behar dugu dirulaguntza datorren urtean hasteko; oso beharrezkoa da. Lan handia eskatzen du, batez ere saneamendu aldetik".
Aurreko legealditik lantzen ibili arren ez da Plan Orokorra egin. Noizko? "Eusko Jaurlaritzak onartu du dagoeneko eta duela hilabete bidali genuen Aldundira. Euren erantzunaren zain gaude, bi hilabeteko epea dute. Diputazioan ez dugu ustekaberik espero, Jaurlaritzak arazo barik onartu zuen-eta".