'Limitaduaren errekonkista' deitu duzue hilaren 21eko jaia. Zer da? Zer dela-eta antolatu duzue?
Aspaldiko esaera batek dio Otxandio eta Aramaio arteko muga zein zen erabakita ez zegoenez, bilera bat egin zutela aramaioarren eta otxandiarren artean. Honakoa erabaki zuten: goizean goiz, oilarrak jotzean, aramaioar bat eta otxandiar bat bata bestearen herrirantz irten eta elkartzen ziren lekuan zehaztea zein zen muga.
Baina kontua da, istorio horren arabera, aramaioarra gauez irten zela eta eguzkiaren ordez kandelak eraman zituela oilarrak egunari ongi etorria egin ziezaion, oraindik gauez zenean. Beraz, aramaioarra ia Otxandion zegoen egun argiz egin eta otxandiarra irten zenerako. Egun han dago muga.
Istorioa hartu duzue oinarri jai herrikoi bat egiteko. Baina zein da prestatu duzuen egitaraua?
Hala da. Zapatukoa aitzakia bat da jende berria ezagutu eta festa polit bat egiteko. Otxandioko eta Aramaioko Gazte Asanbladen artean antolatu dugu, elkarlanean.
Goizean Orixolen elkartuko gara eta han hainbat jolas egingo ditugu. Gero Otxandion jarraituko dugu jolasekin eta bertan bazkalduko dugu. Jolasen helburua da sinbolikoki urtebeterako zehaztea limitadua norendako den. Beraz, urtero egiteko asmoz antolatu dugu; datorren urtean Aramaion egingo da.
Azkenik, argi utzi gura dugu lehia sanoa bultzatu gura dugula. Asanbladakoez gain, edonork parte hartzeko ekimena da.