Abiadura Handiko Trenaren lanek bereziki kaltetu duten herria da Aramaio. Egun zenbait baserri kaltetuak izaten jarraitzen badute ere –Cuatrovientos baserriko Luis Zabala kasu–, errepidea urtebetez itxita egon zen eta herritarrek eskatutako kalte ordainek ez dute oraindik erantzunik jaso. Alkateak salatu du Adif eta Espainiako Sustapen Ministerioak ez duela ezer argitu: "Kalte ordainen eskaerek aurrera egin dezaten 'papeleo' gehiago eskatzen ari dira eta gai horren gainean ez dago ezer garbi".
ABB, hazkunde fasean
Lehen sektoreari bultzada ematea helburu duen Aramaio Baserri Barri ekimenaren gainean Ajuriak adierazi zuen aurreko legealdian hasitako proiektuari jarraipena eman diotela. Hasiera fasea gaindituta, hazkunde fasean dago ABB eta horren adierazle da hilabete barru Mendiolako ikerketa eta berrikuntzarako zentroa gertu egongo dela, alkateak atzo esan zuenez: "Lehen taldea, ASE [Aramaioko Sagardogileen Elkartea], ekainean joateko moduan bere ekoizpenarekin has dadin, hilabete barru zentroa inauguratzeko asmoa dugu-eta".
Era berean, ABB dela-eta Aramaio eredu izan da beste hainbat herrirendako landa garapenerako parte prozesuei dagokienez. Hainbat bisita izan dituzte eta asteon ere izango dute beste bat. Helburua esperientziak elkar trukatzea da beti ere: "Herri bakoitzean baldintzak ezberdinak dira. Adibidez, asteon Oñatiko alkatea dator nekazaritza alorreko beste ordezkari batzuekin gure proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Guk ere euren proiektua ezagutu gura dugu".
Etxaguen auzoko lanak, astebete barru martxan
Bestalde, oposizioan dagoen alderdi bakarreko bozeramaileak, EAJko Iñaki Nafarratek, Etxaguen auzoko obrak noizko egongo diren galdetu zion alkateari. Hiri azpiegiturak eraberritzeko beharra duen azken auzoa da eta obra potoloa izango da. Nafarrateren arabera auzotarrak lanak noiz hasiko diren zain daude. Lanak esleituta daude eta astebete barru hasiko dira obrak, Ajuriaren arabera: "Joan den egubakoitzean sinatu genuen acta de replanteo deritzona. Sinatu beharrekoak sinatu genituen eta astebete barru hasiko dira lanak. Zortzi hilabetez luzatuko dira eta beraz, urte amaierarako bukatuta egotea espero dugu".
Auzo alkateei eskerrak ematen
Atzoko saioan landutako beste hainbat gairen artean, nola ez, auzoak izan zituzten hizpide atzoko saioan. Izan ere, auzo alkateek Aramaion berebiziko garrantzia dute, Aramaion hainbat baserri auzo daude-eta. Udalak lehentasuna eman die auzoei eta auzo alkateen eskaerak modu berezian jaso eta aztertzen dituzte. Hala, eskaeren artean premiazkoena zein den aztertu eta auzolanaren bidez lan ezberdinak egiteko ohitura hartu dute. Urtean proiektu bat aurrera ateratzea da helburua. Ajuriari Udalaren eta auzo alkateen arteko harremana nolakoa den galdetu diogu: "Oso ona. Une hau aprobetxatu gura dut euren lana eskertzeko, zenbait gai eurekin batera bideratu dugulako eta egin duten laguntza izugarria izan delako".
Atez atekoa Aramaion? Oraindik aztertzeke dago
Bestalde, gure ibarrean bor-bor dagoen gaia, hiri hondakinena, ez dute oraindik aztertu eta beraz, ez dakigu oraindik Aramaion atez ateko sistema jarriko den edo ez. Aramaiorako aproposa den ikertu behar dute lehendabizi, ondoko herrietako esperientzia aintzat hartuz: "Gipuzkoan lehentasuna zen beste eredu bat ezartzea, erraustegi guztiak beteta daudelako. Bilduk programan argi jasotzen zuen erraustegien kontra gaudela eta birziklatzea dela gure etorkizuna. Garrantzitsuena da norbera sentsibilizatzea"
Aguazil postua ekainerako
Amaitzeko, aguazil posturako hamar hautagai daude eta ekainean irtengo dela jakinarazi zuen alkateak. Besteak beste, mezularitza lana, kontsumo kontaketak, obren kontrola eta lapurretarako prebentzio plana izango dira aguazil berriaren lanak.