Familia batentzako etxebizitza eraiki dute Udalaren laguntzaz

Miryam Galilea 2012ko apirilaren 4a

Adindun-kontseiluak erabakitzen du zeinentzako izango den eraiki behar den etxea. Etxeen eraikuntzaz aparte, osasun etxeak, joste tailerra eta bekadun-neskak dira Amsograren beste proiektuak.

Badira hamabi urte Amsogra gobernuz kanpoko erakundekoek lanean hasi zirela Nikaraguako komunitateetan. Debagoieneko herri desberdinetako dirulaguntzak jasotzen dituzte beraien proiektuetarako; besteak beste, eta aurreko urtean lehenengo aldiz, Aramaioko Udalak etxe bat egiteko proiektuan parte hartu zuen; horren ondorioz, familia batek etxea dauka.

Izaskun Arriaran aramaioarrak Amsograrekin bidaiatu zuen Nikaraguara eta hitzaldi eta ikastaro batzuk eman zituen bertako erizain eskolan. Horren ostean, Aramaioko Udalarekin laneanhasi ziren elkartekoak, argazki erakusketa bat egon zen herrian eta egindakolanaren inguruko hitzaldi bat ere prestatu zuten; ekitaldi hiriekin batera, etxe bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zioten Udalari.

"Momentu hartan Udalak Euskal Fondoari ematen zion diru kopuru bat, besterik ez zegoelako, eta etxea eraikitzeko proiektua aurkeztu genienean 1.200 euro eman zizkiguten. Horiekin, Bideberrikoek emandakoari esker eta guk jarritakoa gehituz etxe bat eraiki dugu", dio Iñaki Agirianok, Amsograko lehendakariak.

Aramaioko Udalak eskainitako laguntzari esker, Blanca Lilian Perez Landerok eta Blas Lopez Vasquezek, euren umearekin batera, etxe berria dute orain. "Lursail guztiak Txorotera Komunitate Indigenarenak dira, Espainiako XVIII. mendeko monarkiak emandakoak, eta paper guztiak dituzte. Bada, beraien adindun-kontseiluak zeinentzat izango den etxea erabakitzen du, eta guk ez dugu horretan zer esanik", azaltzen du Inma Escribanok, Amsograko idazkariak.

Etxe bakoitzak 5.000 euro balio du, eraikuntza, komuna, ura eta argia lortzeko eguzki-plakak barne. "Haiei adobeko 2.000 adreilu egiteko eskatzen zaie, proiektuan inplikatzeko, eta horiekin etxea eta komuna eraikitzen ditugu. Etxeek 70 metro koadro dituzte, aterpea eta handik hamar metrora komuna. Hasieran aterperik  gabe egiten genituen, baina eurite handiak egoten dira eta ondorengoetan jartzen hasi ginen; poliki-poliki hasierako etxeen akatsak ikusita, hurrengoak hobetzen joan gara", dio Agirianok. "Gu bizitzeko moduko etxeak eraikitzen ditugu, ez pobreentzako etxe pobreak".

Elkartearen filosofiaren barne, etxeak familiak bizi diren lekuan bertan eraikitzea dago. "Gobernuz kanpoko erakundeek, normalean, hiru edo lau etxe egiten dituztenean, elkarri atxikiak izaten dira, eta ez eurek erabakitako lekuan. Guk bertakoek erabakitzen duten lekuan egiten ditugu, euren nahia errespetatuz", dio Escribanok.

Lankidetza

Nikaraguako Gobernua ere etxeak eraikitzen dabil eta leku horietara argia eramatea zein zaila den badakite; ondorioz, eguzki-plakak erabiltzen hasi dira. "Gobernuarekin dugun harremana nahiko ona da eta akordio batera iritsi gara: haiek eguzki-plakak jarriz gero, guk horietako hiru edo laurekin aurrezten dugun diruarekin beste etxe bat eraikiko dugu", dio lehendakariak.

"Ez du merezi erakunde bakoitzak bere kabuz lana egitea, guztion arteko kooperazioarekin askoz hobeto egiten baita; denon artean hobetzen saiatu behar dugu", dio Inma Escribanok.

Beste proiektu batzuk

Etxeak eraikitzeko proiektuarekin orain dela sei urte hasi ziren lanean, baina beste proiektu batzuetan ere badabiltza.

Bi osasun etxek medikua eta erizaina izatea lortu dute, eta hori bertako "Osakidetzarekin" adostu dute; "Osakidetzari" dirua eman eta euren zerrendetatik kontratatzen dute jendea.

Bestalde, joste tailerra ere badago; bertan eskolatutako neskek josten ikasten dute. "Panpinak, diru-zorroak... egiten dituzte eta hemen saltzen ditugu", dio Agirianok. Eta bekadun-neskak daude; ikasketak burutzeko diru-laguntza jasotzen dutenak.

 

Aurreko urtean jasotako laguntzak

Aramaioko Udalak emandako laguntzaz gain, bailarako beste udal batzuek eta erakunde desberdinek ere dirulaguntzekin kolaboratzen dute Amsogra erakundearekin.

  • BERGARA: Beragarako Udalak 4.094,75 euroko dirulaguntza eman zuen. Hori esker, etxebizitza bat eraikitzeko aukera izan zuten.
  • BIDEBERRI: Bideberri Mankomunitateak (Elgeta, Antzuola eta Leintz Gatzaga) 2.431,93 euroko laguntza eman zuen. Diru hori etxebizitza bat eraikitzeko erabili zuten.
  • ARRASATE: Arrasateko Udalarenn laguntza 10.000 euro izan zen. Horri esker, osasun etxe batean erizaina eta medikua dute urte osorako, soldata eta medikamentuak barne. Joan den urtean zentro horretan 12.000 lagun artatu ziren. Arrasateko Udalak orain dela 7 urte ematen du diru laguntza.
  • BESTEAK: Txagorritxuko %0'7 fondoarekin Ama-Etxea eraiki zuten (5.000 euro). Bestalde, SEPARek (Neumologia eta zirugia Torazikoko Espainiako Elkartea) 1.400 euro eman zituen Ocotaleko erizain eskolako komunak eraikitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak