Herrira taldearen Euskal Herri mailako helburuak gogora ekartzeaz gain, Aramaiorako funtzionamendua zehaztu ahal izateko herritarrei ekarpena egiteko bideak zeintzuk diren azaldu zitzaizkien: "Jendea baikor agertu da egitasmoarekin, laguntzeko gertu. Aurrera begira parte-hartze bideak zehaztu ziren aurkezpenean", azaldu dute. Ondorengo bide hauek eskaini zaizkie herritarrei euren ekarpena egin dezaten: e-posta bidez –aramaixokoherrira@gmail.com–, udaletxe azpian Aramaixoko Herrira jartzen duen postontzian edo hileroko Azken Ostirala deritzon elkarretaratzean. Azken helburua, antolatzaileek aditzera eman dutenez, "euskal preso eta iheslari guztiak herrira ekartzea" da, eta lehentasuna larriki gaixorik dauden presoei emango diote.
Aulkia, aldarrikapenaren irudi
Herrira-ren irudia aulkia da, aldarrikapenaren sinbolo: "Aulki larregi daude hutsik Euskal Herrian. Azken aulkia bete arte, azken presoa etxera ekarri arte, Aramaioko Herrira taldeak lanean jarraituko du", diote antolatzaileek. Aulki hori Herrira taldeak antolatuko dituen ekintza guztietan presente egongo da.