Bi agintalditan izan zara zinegotzi; zergatik sartu zinen politika munduan?
Zinegotzi Aramaion orain dela 23 urte egon nintzen lehenengo aldiz, eta orain dela 11 urte bigarren aldiz, baina ni politika munduan ez naiz sekula sartu. Ez zait politika batere gustatzen; EAn sartu nintzen talde batean egon behar nuelako, baina independentea izan naiz beti. Auzoari eta herriari laguntzeko sartu nintzen Udalean.
Urte haietako zein oroitzapen dituzu?
Egon nintzen denboran ez zen gorabehera handirik egon. Talde askotariko politikariak zeudenez, eztabaida bat edo beste egoten zen, baina gertakari berezirik ez genuen izan.
Zein lan egin zenituen oposizioan?
Mendiko kontuetan egiten nuen nik lan. Azkeneko agintaldian, mendiko 80 hektareako landaketa egin behar izan nuen; bide publikoak zaintzen nituen… Beti zegoen zerbait egiteko.
Erabaki inportanterik hartu behar izan zenuen?
Batzuk bai; obrak egin behar zirenean, ondo begiratu behar ziren paperak. Baina, orokorrean, herri lasaia da, txikia. Nik egiten nuen lanean, konkretuki, Udalaren konfiantza nuen erabaki batzuk hartzeko. Mendian lanak egiten zirenean, adibidez, hasieran bideak nola zeuden ikusi eta amaitzerakoan nola uzten zituzten zaindu behar zen; honen inguruan, fidantza bueltatzen zitzaien edo ez; hori izaten zen nire lana.
Zinegotzi garaian, Udalean eta baserrian egiten zenuen lan?
Eta lantegian ere bai! Arrasateko lantegi batean egin nuen lan 60 urte bete nituen arte, eta orduan erretiratu nintzen. Lehenengo agintaldian, lantegian eta Udalean egiten nuen lan, eta baserrian, noski. Orduan, lantegiak ordaintzen zizkigun Udalean lan egindako orduak, baina hori, denborarekin, kendu egin zuten. Bigarren agintaldi hasieran ez genuen kobratzen, baina gero, orduak ordaintzen hasi ziren. Nik neuk, erretiratuta nengoenez, herriarentzat utzi nuen dirua.
Zer egiten zenuen gusturen?
Mendiko lanak oso gustura egiten nituen. Txikitatik mendian eta baserrian ibilia naiz, eta etxean moduan egoten nintzen lan horietan. Baina ez zen hain lan lasaia, batzuetan arazoak egoten ziren-eta: bizilagunen arteko arazoak: batak zerbait apurtu duela, besteak hau egin diola… baina fidantzak edukita, bakoitzak zer ordaindu behar zuen adostu eta pakea.
Fidantzak izan zenituen lagun orduan?
Fidantzak inportanteak dira gauza hauetarako. Bi modu zeuden egiteko: jabeek ordaintzen zituzten edo, bestela, mendia erosten zutenek; orokorrean, mendia erosten zuenak ordaintzen zuen, eta, nire esperientziagatik, fidantza ordainduz gero hobetoxeago zaintzen zuten mendia eta bidea.
Kanpotik begiratuta, nola ikusten duzu gaur egungo Aramaioko Udala?
Jende larregi dago lanean; gehiegi, beharbada. Lehen, hiru egoten ginen: arkitektoa, noizbehinka aparejadorea… eta beste guztia pare bat lagunen artean egiten genuen; orain, bikoiztu egin da. Eta, orokorrean begiratuta, Aramaioko Udala nahiko ondo dago, baina udal asko herriari begiratu barik egoten dira, hurrengo agintaldirako botoei begira bakarrik. Lehen, guztion onerako lan egiten genuen; orain, beste bista batekin begiratzen dute.
Politikara edo Udalera lanera bueltatu gurako zenuke?
Ez. Adina daukagu eta lasai egoteko garaia da. Orain erretiratuta nago, lan apur bat egiten dut baserrian eta nekatzen naizean gelditu egiten naiz; beste inon ez nago sartuta. Lan pixka bat goizean eta mus partida arratsaldean, hori da dena.