'Fracking'-aren eta Bateragune auziaren aurkako mozioak onartu ditu udalbatzak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko martxoaren 30a

Eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran mozioak izan ziren protagonista. Azken orduan Bilduk aurkeztutakoa kontuan hartuz hiru mozio bozkatu zituen udalbatzak eta guztiak onartu ziren. Bilduk bi aurkeztu zituen: Fracking-aren kontrakoa eta Bateragune auziaren aurkakoa. EAJk, bestalde, Arabako udalei dagozkien opor fiskaletatik jasotako diru kopurua eskatzeko beste mozioa bat aurkeztu zuen.

Eguaztenean, martxoak 28, egindako ohiko osoko bilkuran mozioak izan ziren protagonista. Azken orduan Bilduk aurkeztutakoa kontuan hartuz hiru mozio bozkatu zituen udalbatzak eta guztiak onartu ziren. Lehena, Bildu udal taldeak aurkeztutakoa, gasa lur azpitik ateratzeko fracking teknikaren aurkakoa zen.

Hala, Aramaioko udalbatzak Fracking ez Araba plataformak egiten dituen aldarrikapenekin bat egin zuen, hau da, Eusko Jaurlaritzak gasa lortzeko apurketa hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenen etetea eskatu zuten. Duela aste batzuk Mikel Otero plataformako kideak hitzaldia eskaini zuen kultur etxean eta bertan izan ziren herritarrek harridura eta kezka erakutsi zuten gasa lortzeko modu horrek ingurumenean eta osasunean izan ditzakeen ondorioen berri jasotzerakoan.

EAJ, udalei dagokiena eskatzen
Bigarren mozioa EAJk aurkeztu zuen, Arabako Batzar Nagusiek ere onartutakoa: udalei dagozkien eta opor fiskaletatik jasotako kopuruen gainean aritu zen Iñaki Nafarrate. Zinegotzi jeltzalearen arabera, Arabako Diputazioak enpresei emandako "opor fiskalak" moduan izendatutako diru kopurua jaso ostean Arabako udalei ez zaie dagokiena eman. Mozioak aurrera egin zuen, EAJren eta Aramaioko Alkartasunaren aldeko botoekin (3) eta Bilduren abstentzioarekin (5).
Azkenik, Bilduk Bateragune auziaren aurkako mozioa aurkeztu zuen, auzi horretako inputatuak askatzea eskatuz. Aramaio Alkartasuna eta Bilduren aldeko botoekin (7) eta EAJren abstentzioarekin (1) onartu zen.

Hainbat eskari eta galdera
Eskari eta galderen tarteak luze jo zuen. Osoko bilkurara agertu zen herritarretako batek Azkoaga auzorako errepidean horma batek errepidera erorita "hiru bat aste" daramatzala jakinarazi zuen eta ea noizko konponduko den galdetu zion alkateari. Ramon Ajuriak erantzun zion esanez Diputazioaren errepidea dela eta jakinaren gainean daudela.
Bestalde, EAJk hainbat proposamen egin zituen. Besteak beste, herriko plazarako sarrera autoei irekitzea, euskal foru zuzenbidearen gaineko liburuxka bat ateratzea eta Maider Unda borrokalariari "merezitako" omenaldia egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak