Julen Arriolabengoa: "Euskal ahozko tradizioa oso aberatsa da, horrekin gozatu egin behar dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko apirilaren 2a

Txirritola euskara elkarteak ekimen berri bat jarriko du martxan berriki. Gai ezberdinetan aditu diren aramaioarrei protagonismoa ematea du helburu, gainerako herritarren artean euren ezagutza parteka dezaten. Lehen saioan Julen Arriolabengoa (Aramaio, 1960) arituko da: kantu zaharrak eta memoria historikoa uztartuko ditu. Apirilaren 2an izango da, kultur etxean (18:30).

'Memoria historikoa kantu zaharretan' jarri diozu izenburu zure saioari. Zertaz arituko zara?
Kantu zaharrak irakurri egingo ditugu. Aurkezpen txiki bat egingo dut, irakurriko ditugun kantuak zergatik aukeratu ditudan azaltzeko. XVI. mendea baino lehenagoko kantuak aztertuko ditugu, batez ere Aramaio eta inguruko herriekin zerikusia duten abestiak. Esaterako, Arrasateko erreketaren gaineko kantuen gainean arituko gara.

Memoria historikoa oso termino orokorra da. Noizko kantuak diren zehazterik bai?
Memoria historikoaz ari naiz, baina ez azkenaldian horren modan dagoenaz, hots, 36ko gerraren memoriaz. Historian zehar, besteak beste bertsolaritzak lekukotasuna jaso duela ikusiko dugu. Karlistadetan eta XX. mende hasieran, esaterako, sekulako uzta dugu. Egun ere bertsolaritza gizartearen isla da. Horrek guztiak garamatza ikustera euskal ahozko tradizioa oso aberatsa dela eta aberastasun horrekin gozatu egin behar dugula. 

Ahozko literaturak garrantzi handia dauka, beraz.
Nire ustez, sekulakoa, lekukotasun historikoa gordetzen duelako. Arkeologoek harriak eta bestelako materialak aztertzen dituzten moduan, historialariek kantu horiek aztertu beharko lituzkete. Era berean, euskal kantu zahar horiei leku polita utzi die euren diskografian.

Txirritolaren gonbidapenak harritu egingo zintuen...
Gustu handiz jaso nuen gonbidapena baina egia esan behar badut nahiko arraroa egingo zait herritarren artean halako kontuez berba egitea. Ea ondo doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak