22:30erako egoera kontrolpean zuten arren, suhiltzaileen kamioia Gantzaga aldera jaitsi zen ordu inguru horretan ur gehiagoren bila eta gauerdi aldean oraindik ere lanean ziharduten; 01:00 arte aritu ziren bertan, eta hainbat udal ordezkari eta herritarrek ere laguntzen jardun zuten.
Sugarrak Arrasatetik ere antzeman zitezkeen atzo gauean. 500 bat metro zabalerako su-frontea ikus zitekeen Aramaioko hainbat tokitatik.
Gantzaga aldetik ibili ziren Arabako suhiltzaileak suari aurre egiten. Lursail zati handi bat erabat kiskalita utzi zuen suteak, Lugorri mendiko maldak, bereziki.
Nahita eragindakoa izan zenaren susmoa
Sutea zerk eragin zuen argitzeke badago ere oraindik, suhiltzaile, Diputazioko basozain eta ertzainen susmoa da sua nahita piztu zuela norbaitek. Izan ere, Ramon Ajuria alkateak kontatu digunez, "bi mihi ikus zitezkeen baina erdi paretik ezer ere ez eta hori nahiko susmagarria da. Gainera, antzerako zerbait gertatu zen leku berean duela 20 urte inguru". Suak zenbaterainoko lursaila erre duen zehazten ez du jakin, baina "eskerrak pinudiak ez diren kiskali", azaldu du.
Arrazoia ikertzen badihardute ere, egia da azkenaldian, euri gutxi egin duela-eta, lehor dagoela basoa, pinudiak-eta bereziki. Domekan, esaterako, Orkatzategin, Oñati eta Aretxabaleta arteko mugan, erre ziren 10 hektarea baso lur eta duela 10 bat egun Oñatiko Lizargaraten erre ziren beste 50 hektarea.
Aramaioko Gantzaga auzokoek kezkaz, harriduraz eta ikusminez jarraitu dituzte sutea eta berau itzaltzeko lanak, Gantzaga Tellamanditik gertu dago-eta.