Martxoaren 8aren bueltan, hainbat ekintza Itur-Zuri elkartearen eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko martxoaren 8a

Itur-Zuri emakume elkarteak Emakume Astea antolatu du aurten ere. Hala, bihar hasi eta datorren egubakoitzera arte hainbat ekintza antolatu dituzte. Ekintzon helburua azaldu digu Belen Agirre Itur-Zuri elkarteko presidenteak: "Antolatzen diren ekintza ludikoetan ondo pasatzeaz gain, Martxoaren 8ak duen esangura  gogoratu eta horren gainean gogoeta eragin gura dugu. Aste berezia antolatzen jarraitzen dugu berdintasuna aldarrikatzea oraindik beharrezkoa dela uste dugulako".

Bingo afaria, "derrigorrezkoa"

Ondoko egitarauan ikus daitezkeen ekintzen artean jendetsuena bingo afaria izaten da urtero: "Derrigorrez antolatu beharreko ekitaldia da. Adinekoak diren emakumeek urtero espero dute; aitzakia polita da kanpoan afaltzeko. Izan ere, afaria ez dute eurek prestatzen eta gainera, ondo pasatzen dute", dio Agirrek.

Aurtengo nobedade nagusia da domekan Donostian ospatuko den Lilaton lasterketan Aramaioko emakume talde batek parte hartu behar duela. Egun osorako irteera egingo dute.

Astea, 15 urtetan gutxienez

Itur-Zuri emakume elkartea duela 20 bat urte sortu zen. Bada, Emakume Asteak baditu gutxienez 15 urte: "Ez dut zehazki gogoratzen baina nahiko hasieran hasi ginen Martxoaren 8aren harira ekintza bereziak antolatzen". Agirrek 12 bat urte daramatza elkartean eta iazko zuzendaritza taldeak aukeratu zuen presidente.

Zuzendaritza taldea presidenteak, diruzainak eta idazkariak osatzen dute eta hiru urtean behin aldatzen da.

Emakume Asteko ekintzak

  • Hilak 3, zapatua. 22:00 Kultur etxea. Oihulari Klown taldearen La modelo klowntrapublicitaria antzezlana, helduendako.
  • Hilak 4, domeka. Egun osoan Donostia. Lilaton emakumeen lasterketan parte hartzea.
  • Hilak 6, martitzena. 18:30 Sastiña. Manex Arriolabengoa eta Maria Izagaren kontzertu akustikoa eta luncha.
  • Hilak 8, eguena. 18:30 Kultur etxea. Bideo kafea
  • Hilak 9, egubakoitza. 21:00 San Martin eskolako jangela. Bingo afaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak