"Asko eskertzen dugu Aramaiok gure herriarekin erakutsi duen elkartasuna"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko martxoaren 7a

Otsailaren 27a Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapen eguna da. Hori horrela, joan den eguazteneko osoko bilkuran Aramaioko udalbatzak elkartasuna erakutsi zuen herri sahararrak bizi duen egoerarekin eta Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide "justu eta demokratukoa" lortzeko Espainiako Gobernuari konpromisoak hartzeko eskatu zitzaion. Besteak beste, Marokoko Gobernuaren gerrako krimenak ikertzea eta Mendebaldeko Sahararendako autodeterminazio eta independentzia eskubidea aitortzea eskatu zitzaion Madrilgo Gobernuari.

Mozioa aho batez onartu zen, Bildu eta Aramaioko Alkartasunaren aldeko botoekin. EAJko Iñaki Nafarrate ez zen egon. Bada, osokoa bertatik bertara jarraitzen Mendebaldeko Saharako zenbait herritar izan ziren. Mozioak aurrera egin ostean Eluali Dah Omar sahararrarekin egon ginen eta otsailaren 27ak eurendako zer suposatzen duen azaldu zigun: "Otsailaren 27a arrazaren eguna da, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren eguna.

Estatu sahararraren errekonozimendua eskatzeko eguna da, 35 urtetan zehar ez gaituztelako aintzat hartu. Ordutik Espainiako Gobernuak bakarrik utzi gaitu Marokoko Gobernuaren eskuetan". Bestalde, esker oneko hitzak izan zituen Aramaioko Udalarendako: "Asko eskertzen dugu Aramaiok gure herriarekin erakutsi duen elkartasuna. Kausa justu bati eman diote babesa, izan ere, kanpoko babesa beharrezkoa dugu".

Ramon Ajuria alkateak Mendebaldeko Sahararen aldarrikapenekin bat egiten dutela eta euren "babes osoa" dutela adierazi zien.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak