Beraz, giro ederra bermatuta dago; hala azaldu digu Xabi Igoa Aramaioko Marixeka taldeko kideak: "Derbi handia da, sekulako giroa egongo da. Txapelketara Aramaiotik bi talde aurkeztea erabaki genuenean pareko maila mantentzen saiatu ginen eta zapatuan ikusiko da asmatu genuen edo ez". Marixeka taldeak arerio izango duen Aramaioko Izarrak taldeko Manex Agirrek ere pike handia egongo dela uste du: "Finalerdietara nor pasako den dago jokoan, nor izango den Zuiako ligako irabazle eta, beraz, pikea bermatuta dago. Gainera, bi taldeak herrikoak garenez jende asko etorriko da, eta giro ederra bermatuta dago".
Antzeko maila, faboritorik ez
Era berean, saio parekatua izango dela uste du Agirrek: "Taldeak banatu genituenean bertso eskolakoei aukera ematea pentsatu genuen. Hala, bi taldeen maila oso antzekoa da, ez dago faboritorik". Bestalde, idatzizko modalitatean ere Aramaioko bi talde lehiatuko dira, gazte asanblada eta Ai ene izena hartu duen herritarrez osatutako taldea. Beste derbi bat, eta erabateko gertutasuna. Izan ere, gazte asanbladako zenbait kide Ai ene taldekoen seme-alabak dira eta beraz, saio horretan ere pikea bermatuta dago. Aramaioko bi taldeen eta Izarrako beste biren artean erabakiko da zein talde pasako den finalerdietara. Horrek esan gura du idatzizko modalitatean ez dagoela ziurtatu Aramaioko ordezkaritzarik. Hala ere, aramaioarrak protagonista izango direla ezin ukatu.
Afarietatik aretoetara
Asteburuan jokatuko dira lehen faseko azken saioak. Aguraingo Sorginetxe taldeak lortu du finalerdietarako plaza baina beste hiru geratzen dira. Finalerdiak aretoetan egingo dira.