Foru zuzenbidea, Aramaioko herriari jositako lege berezia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 24a

Joan den egubakoitzean Euskal foru zuzenbideak Aramaion duen eragina azaltzeko hitzaldia arrakasta borobila izan zen. Ez bakarrik herritar asko agertu zelako, baita gaiak jakin-min handia piztu duelako ere. Izan ere, hitzaldian egoterik izan ez dutenetako asko egunotan enteratuko ziren aramaioarrek abantaila berezi batzuk dituztela, foru zaharretik eratorri den eta egun oraindik indarrean dagoen Euskal foru zuzenbideak eskaintzen dizkienak.

Horrek esan gura du, adibidez, tronkalitatea, herentziak eta senar-emazteen arteko harremanak foruen bidez arautzen direla, Aramaion Bizkaiko foru-zuzenbidea aplikatzen delako. Historikoki baserri inguruan berebiziko garrantzia izan zuen lege berezia  izan da eta horregatik Udalak auzo alkateei deialdi berezia egin zien gaia Aramaion horren pisu handia duten auzoetara ere hel dadin.

Gai zailari azalpen argiak
Gai juridikoak eta arrotzak dira gehienendako eta hitzaldian egon zirenek nabarmendu dute hizlari izan zen Andres Urrutia euskaltzainburuak gaia ulertarazteko egindako saiakera. Sei auzo alkaterekin egon gara asteon eta guztiek goraipatu dute Urrutiaren gertutasuna eta adibide praktiko eguneratuak emateko gaitasuna: "Herritar asko agertu zen eta horrek esan gura du jendeak gaian enteratzeko beharra zuela. Jakin-min hori asetzen saiatu zen Urrutia, zoragarri aritu zen", deritzo, esaterako, Jon Arriaran Barajuengo alkateak.

Bestalde, Alaitz Elexpuru Matxaingo alkateak gaiaren konplexutasuna nabarmendu du: "Oso interesgarria da gaia baina ez dut uste nire ingurukoak ideia argiekin irten zirenik, izan ere, ez dira egunerokotasunean lantzen ditugun gaiak. Testamentua eta halakoak berriz begiratu behar ditugun sentsazioarekin irten ginen batzuk, ea dena ondo egina dugun. Urrutiaren azalpenak oso onak izan ziren, baina gai juridikoak dira...".

Etorkizunera begira, zer?
Hitzaldia oinarri bat izan da, gaia herritarrei jakitera emateko lehen puntua. Eta orain zer? Argia da Andres Urrutia: "Herritarrek badute zer esan, izan ere, komenigarria zaie euren zuzenbidea gordetzea. Hala, besteak beste, oinordetzan askatasun gehiagoz gozatzeko aukera izango dute".

Auzo alkateen iritziak:

Alaitz Elexpuru, Matxain auzoko alkatea: "Hitzaldi aurretik egin genuen bileran interesgarria iruditu zitzaidan gaia, baina akaso ostean jendeak ez zuen ulertu zein zen helburua. Berezitasun batzuk ditugula jakiteko balio izan zuen; hori ondo dago". 

Ekaitz Zubia, Untzilla auzoko alkatea: "Baserri giroan egunerokoak diren gaiak landu ziren, adibide eguneratuekin, eta beraz, interesgarria izan zen. Jakitera emateko balio izan zuen, askok ez zuten-eta gaia ezagutzen; ni barne".

Jon Errasti, Arriola auzoko alkatea: "Gaia berria zen niretzat, ez nekien pribilegiatu batzuk ginenik... Herentzia zehazteko orduan, adibidez, beste aukera batzuk ditugula jakitea ondo dago. Hitzaldia interesgarria iruditu zitzaidan".

Kepa Lizarralde, Zalgo auzoko alkatea: "Oso gai garrantzitsua da eta jende askok ez du ezagutzen. Beharrezkoa da herritarren artean gure berezitasun hori ezagutzera ematea. Ez da teoria kontua; jarduera praktikoak dira, egunerokoak".

Jon Arriaran, Barajuen auzoko alkatea: "Oinarri bat jarri da herritarrek gaiaren gainean kontsultak egin dezaten. Nik ez nuen ezagutzen, duela hogei bat egun hasi nintzen zerbait entzuten. Aukera hor dagoela jakitea interesgarria da". 

Miguel Inuntziaga, Gantzaga auzoko alkatea: "Jende asko egon zen eta gustura irten ginen gehienok. Tronkalitatearen aukera ez nuen ezagutzen, adibidez. Hori hor dugula jakitea ondo dago, orain aprobetxatu egin beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak