Mikel Arantzabal: "Zerbitzuei dagokienez behar asko zituen Aramaiok; garai hartan gauza asko egin ziren"

Maider Arregi 2012ko otsailaren 23a

Angiozarkoa sortzez, 1984a ezkero bizi da Aramaion Mikel Arantzabal. Bergaran egon zen zinegotzi, eta gero Aramaion. Aramaion Herri Batasunetik Zerbitzuetako zinegotzi eman zituen lau urteak ekarri ditugu gogora.

Nolatan animatu zinen zerrendetan izena ematera?
Aurrez Bergaran izan nintzen zinegotzi. Herri txikietan, gainera, badakizu zer gertatzen den. Toki guztietan bezala, jendea behar izaten da zerrendak osatzeko, eta, esperientziaduna izanik, galdezka etorri zitzaizkidan. Nik ez nuen zalantzarik izan.

Zein zen giroa Udalean garai hartan? Eta zein zen testuinguru politikoa?
Oso oroitzapen onak ditut. Elkarren artean oso ondo konpontzen ginen, ez genuen inolako arazo pertsonalik. Noski, bereziki gai politikoekin kontrako iritziak izaten genituen, baina hori ere naturaltasun osoz eramaten jakin genuen. Herriko kontuei zegokienez, berriz, oso ondo konpondu ginen.

Jose Ramon Uribe zen alkate orduan. Zerbitzuen batzordea, baina, zuen esku zegoen.
Bai. EAk zeukan alkatetza eta gu ez geunden Udal Gobernuan, baina batzordeak banatu egin ziren zinegotzi guztien artean. Gure proposamena izan zen ordezkari politikoak aukeratzeko erabiltzen zen lege bera aplikatzea batzordeekin ere. Guri batzorde bat tokatzen zitzaigun, eta Zerbitzuena hartu genuen.

Zein behar zituen orduan Aramaiok zerbitzuen alorrean?
Beharrak asko ziren eta egin ziren proiektuak ere bai. Esaterako, garai hartan, auzoetara iristen zen ura ez zen edangarria. Herri-gunean bazegoen kloratzaile bat, baina auzoetan ez. Ez zen erraza, kloratzaileak behar ziren auzoetarako eta argindar hartuneak behar zituzten horiek. Inbertsio handia egin genuen ura toki guztietan edangarria izan zedin, eta lortu egin genuen. Baina ez hori bakarrik; izan ere,  zaborra jasotzeko auzoetan zeuden edukiontziak haizeteetatik babestu genituen harrizko itxitura batzuen bitartez. Oraindik hor daude. Auzoetan suteei aurre egin ahal izateko tutu malguak ere ipini genituen. Asko kostatu zitzaigun dirulaguntzak lortzea, baina, azkenean, hura ere egin genuen.

Zerbait gelditu zitzaizun egiteke?
Orain dela urte mordoa argindar etxe bat egon zen Aramaion. Bertan sortzen zen herrirako argindarra. Nire helburuetako bat izan zen hura martxan ipintzea. Sistema hidraulikoa zen. Jarri ginen harremanetan Euskadiko Energia Estrategia erakundearekin, ikerketa mordoa egin genituen eta ahalegin handiak hura martxan ipintzeko; azkenean, baina, ezin izan genuen. Pena horrekin gelditu nintzen.

Badakit zuretzat bereziki polita izan zen momentu bat badagoela.
Ikurrina udaletxean ipini genuen eguna. Udalean sartu berriak ginen. 1991ko irailaren 11 zen, eta Euskadi mailan hainbat herritan udaletxeko balkoietan ikurrina ipintzeko mozioak aurkezten ziharduten. Herri Batasuneko bi zinegotzi geunden orduan eta gure proposamena izan zen ikurrina ipintzearena. EAk bat egin zuen gure eskariarekin eta ipini egin genuen. Oso momentu hunkigarria izan zen!

Zer eman zizun pertsonalki Udalean egoteak?
Oso gustura egon nintzen. Horrenbeste murgildu nintzen herriko lanetan, konturatu orduko bukatu zen agintaldia. Noski, dena ez da polita, eztabaida asko izaten baitira. Orokorrean, baina, oso oroitzapen onak ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak