Aramaioarren berezko legea ezagutaraztera herritar ugari hurbildu ziren

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko otsailaren 18a

Euskal foru-zuzenbidea indarrean dago Aramaion eta hori azaltzen izan ziren Patxi Uribarren Aramaion jaiotako euskaltzaina eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Urrutia euskaltzainburuak azaldu zuen gaur egun foru zaharretik gelditzen dena dela Euskal foru-zuzenbidea eta une honetan batez ere Bizkaian eta Nafarroan dagoela indarrean, baita Aramaion ere. "Esaterako, tronkalitatea, herentziak eta andre-gizonen arteko harremanak foruen bitartez arautzen dira. Horrela da Aramaion, Bizkaiko foru-zuzenbidea aplikaltzen delako".

Euskal foru-zuzenbideak Aramaion duen eragina aztertzeko eta herritarrei eskubide berezi horren berri emateko, egubakoitzean ekitaldia egin zuten kultura etxean. Herritarrek gainera, interesa erakutsi zuten gai horren gainean, izan ere, aretoa bete-beteta egon zen.

Ekitaldiari hasiera emateko, Bizente Goikoetxea abesbatzak bi abesti kantatu zituen. Gero, Ramon Ajuria alkateak ongietorria eman zien bertaratutakoei eta horren ostean etorri ziren Patxi Uribarren Aramaion jaiotako euskaltzainaren hitzak eta baita Andres Urrutia euskaltzainburuaren azalpenak ere.

Euskal foru-zuzenbidea

Euskal foru-zuzenbidearekin, besteak beste, senar eta emaztearen artean testamentuaren bidez ahalik eta gehien eman diezaiokete elkarri Aramaion, hori da tronkalitatea: "Horrek guztiak, Aramaiori nortasun berezia ematen dio".
Urrutiak gaineratu zuen Aramaio herri bakarra dela Araba osoan euskalduna dena eta gainera foruduna. Azaldu zuen baita ere kontzeptu horiek Aramaioarren historian guztiz "errotuta" daudela.

Aramaion aplikatzen den Euskal foru-zuzenbidearen etorkizunaz galdetuta, Urrutiak esan zuen gaur egungo beharretara egokitzen baldin bada, posible dela etorkizunean horrek irautea eta talde bat badabilela egokitze lanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak