Foru zuzenbidea, askori arrotza zaien terminoa.
Jakin ez arren edota ahaztu egin dugun arren, besteak beste gure herentzietan eta senar-emazteen arteko harremanetan euskaldunok berezko legeak ditugu, historia luzean zehar ondu direnak. Horietako batzuk egun indarrean daude. Izan ere, askok esango dute foruak desagertu zirela. Hala izan zen arlo batzuetan baina beste batzuetan indarrean daude egun, esaterako, tronkalitatea, herentziak eta andre-gizonen arteko harremanak; horiek foruen bitartez arautzen dira.
Horrela da Aramaion, Bizkaiko foru-zuzenbidea aplikatzen delako. Aramaion, Araban beste inon gertatzen ez den moduan –Laudio izan liteke salbuespena–, euskara eta foru-zuzenbidea elkarloturik eta bizirik daude.
Nola azaldu kontzeptu juridiko horiek modu erakargarrian?
Lehenik eta behin foru zuzenbidearen barruan zer dagoen azalduko dut eta baita foru zuzenbide hori Aramaioren nortasunean errotuta dagoela ere, euskara errotuta dagoen moduan. Hain zuzen, errotze horrek eguneroko bizitzan ondorio batzuk ditu. Adibidez: herentzien kasuan Gasteizen ezin da alkarpoderoso bat eskatu; Aramaion berriz bai.
Zer esan gura duen horrek? Senar eta emaztearen artean testamentuaren bidez ahalik eta gehien eman diezaioketela elkarri. Hori eta tronkalitatea, bide-zorra edota hilburukoa moduko terminoak erabiltzerakoan batek baino gehiagok jakingo du zertaz ari naizen. Kontzeptu horiek aramaioarren historian errotuta daude.
Gaia gazteendako erakargarria izan dadin internet bidezko kontsultak egiteko loturak emango ditut. Izan ere, badakigu halako gai juridikoak ez direla errazak eta sinpleak izaten baina herritarrak gaira hurbiltzeko ahalegina egingo dugu.
Atzera begira jarriko zara orduan, historia hizpide.
Ez da asmoa historiara begira jartzea. Askok esango dute foru kontuak aspaldikoak direla; bada ez, bizirik daude eta egunerokotasunean aplikagarriak dira. Ona ala txarra den? Historiak honakoa erakutsi digu: gure zaharren jakinduriak egun zerbaiterako balio duela. Hori horrela dela frogatzen duten zenbait adibide jarriko ditut.
Foru-zuzenbidea eta euskara lotuta daude. Bilbon, adibidez, bertoko euskara galdu denean galdu du foru-zuzenbidea. Bada, Aramaiok biak gorde ditu eta hori ezagutzera eman zehar zaie herritarrei. Jendeari esan behar zaio euskaraz gain forua ere badutela eta euren gorabeherak konpontzeko orduan modu hori ere eskura dutela.
Historian zehar mantendu dugun gure zuzenbidea da, euskaldunok sortua. Ez da kanpotik etorri, eta atzean herri baten nortasuna dago. Lege hori baduzue, zuena da, eta ahal dela behintzat ez zenukete galdu behar.
Patxi Uribarren: ezin hutsik egin
18:00etan hasiko da ekitaldia, Kultur etxean. Bizente Goikoetxea abesbatza arduratuko da ekitaldiari hasiera emateaz eta gero Ramon Ajuria alkateak aurkezpen txiki bat egingo du. Ajuriaren ostean, Patxi Uribarren Aramaion jaiotako euskaltzainak hartuko du hitza, foru-zuzenbidearen jatorria eta Aramaion historikoki izan duen garrantzia azaltzeko. Urrutia, berriz, egun duen eraginaz arituko da berbetan. Azkenik, galderak egiteko tartea egongo da.