ARAMAIO: FORU LEGEA ETA EUSKARA (ANDRES URRUTIA)
Norbaiti galdetuko bagenio Aramaioren ezaugarrik nagusiak zein diren, seguru nago berehala erantzungo lukeela esanez euskalduntasuna dela nabarmenena, alegia, Aramaio dela Araban dagoen herri euskaldun bakarra.
Izan ere, ezaugarri hori begien bistakoa da askorentzat, Aramaioren inguruan zerbait azpimarratzeko orduan. Jatorriz, historiaz, bizimoduz, Aramaio herri euskalduna da.
Haatik, urrats bat gehiago egin eta beste zerbait gehiagoren bila joango bagina, nekez aurkituko genuke gure jakin-mina asetzeko konturik, batez ere, lege arloan. Nolanahi ere, esku-eskura izango genuke egun Aramaion aplikagarri den foru zuzenbide zibilaren aipua.
Foruak? Gehituko luke beste norbaitek, horiek ez al dira iraganeko gauzak? Erantzuna, zalantzarik gabe, baiezkoa izango litzateke… guztiz zuzena izan ez arren, Besteak beste, foruak galduta ere, indarrean geratu zirelako Euskal Herrian foru zuzenbide pribatuko arloak, senar-emazteen arteko ondasunak, oinordetzak, baserriaren tronkalitatea eta abar arautzen dituztenak.
Kontu zaharrak! Gehituko du baten batek eta horri bai erantzun beharko diogula argi esanez gaurko kontuak ere badirela horiek Aramaion, bizi-bizirik dagoelako foru zuzenbide zibila horren udal mugartean.
Hona bada, Aramaioren bi ezaugarri nagusi, Arabako lurraldean, beste inon ez direnak, foru zuzenbide zibila eta euskara batera, legea eta hizkuntza bilduta, hain zuzen ere, herri baten adierazlerik jatorrenak, nortasunari dagokionez.
Edozein modutan ere, garrantzitsua izan daiteke zehaztea zertan mamitzen diren horiek. Alor jakin batzuetakoak dira, izatez, foru zuzenbide zibil horren erakundeak. Aipagarriak dira, besteak beste, familiaren barneko lotura baserriarekin eta etxearekin, historian zehar tronkalitatea deitu dena; oinordetza-askatasun zabala, Aramaion egiten diren testamentu eta gainerakoetan; alkarpoderosoa, senar-emazteek eta gainerakoek elkarri ahala emateko aukera, eurak hil ondoren ere, etxeko ondarea osorik gorde dadin belaunaldiz belaunaldi; oinordetza-itunak edo kontratuak gurasoen eta ondorengoen artean, guztiak bizirik daudela egiten dena, familiaren ondareak izan dezakeen etorkizuna bermatzeko eta senar-emazteen arteko foru-komunikazioa, ondasun guztiak erkide egiten dituena, seme-alabarik izanez gero.
Bi hitzetan esanda, familiari eta etxeari lotutako sistema osoa, herri honek ehunka urtetan bizi izan duena. Bizimodu horren lekuko dira, modu berean, guztion ahotan geratu diren euskarazko hitz juridikoak, tradizio baten erakusle direnak: alkarpoderosoa bera, senipartea, hilburukoa, kontratua, bide-zorrak…
Zergatik, alabaina, Aramaion halako legerik eta aldameneko herrietan ez? Horretarako gakoa historiak ematen digu. Hainbatez, Aramaiok Arabako lurraldearekin bat egin zuenean, 1489. urtean, zuzenbide hau gorde zuen eta hala jaso zuen bat egite horren agiri publikoan. Horren ondorioz, Bizkaiko foru zuzenbide pribatua, ordura arte aplikagarri zena Aramaion, bere horretan geratu zen indarrean.
Orduko Bizkaiko forua, 1452. urtekoa izan zen eta 1526. urtean eraldatu zen. Zernahi gisaz, testu idatzien gainetik, betikoa eta data jakinik gabekoa izan da foru zuzenbidearen aplikazioa Aramaion eta gaurkoa da, orobat, lege zibil horren indarra aramaioarren artean.