Aramaioko bi taldeak aste bukaeran hasiko dira koadrila arteko txapelketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 10a

Hastear da Arabako koadrila arteko bertso txapelketaren bigarren asteburua, eta bat-bateko modalitatean arituko diren Aramaioko bi taldeak aste bukaera honetan estreinatuko dira. Izan ere, Aramaioko Marixeka taldea aurreko asteburuan estreinatu behar zen baina aramaioarren arerioek, Urkabustaizko Izarrak taldeak, ez zuten Aramaiora heltzerik izan elurra zela-eta. Hala, saio hori domekan, otsailak 12, jokatuko da Aramaioko Izarrak elkarte gastronomikoan. Saio hori antolatzen diharduen Xabi Igoa bertsolari aramaioarrak azaldu digu ez dela bertso afaria izango, edonor gonbidatuta dagoen doako merienda baizik. 

Igoak dioenez, "gogotsu" daude txapelketa hasteko: "Kanporaketa irabaztea baino, ondo pasatzea da helburua. Izan ere, halako txapelketek oraindik hasiberriak diren bertsolariendako saioak antolatu eta herritarren artean bertso-zaletasuna sustatzea dute helburu".

Talde bakoitzean 12 bat pertsona daude eta bertsolariez gain, gai jartzailea ere badute, besteak beste. Igoaz gain, honako partaideak daude Aramaioko Marixekan: Andere Arriolabengoa, Maria Izaga, Beñat Burgi, Sabin Aranburu, Garazi Eriz, Iker Elexpuru, Xabier Agirre, Izar Elorza, Nerea Asurmendi, Miren Eriz, Markel Arriolabengoa eta Gillen Agirre.
Aramaioko Izarrak taldea, bestalde, bihar estreinatuko da, Izarrako Frontoia jatetxean (20:30).

Honakoek osatzen dute taldea: Manex Agirre, Paula Amilburu, Beñat Zalakain, Iker Agirre, Ana Martiarena, Jon Ugarte, Mikel Muñoz, Amaia Lopez de Bergara, Maitane Uribe, Eider Ballina, Txomin Elorza eta Endika Ruiz de Samaniego.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak