Ekitaldiari hasiera emateko Bizente Goikoetxea abesbatzak saio labur bat eskainiko du eta gero Ramon Ajuria alkateak aurkezpen txiki bat egingo du.
Jatorria eta egungo eragina
Patxi Uribarren izango da gaia era sakonean azaltzen hasiko dena. Labur esanda, euskal foru zuzenbidearen jatorria eta Aramaion historikoki izan duen garrantziaz arituko da berbetan. Uribarrenen azalpenen ostean, Andres Urrutiak hartuko du hitza. Euskal foru zuzenbidea egun nola uler daitekeen eta zuzenbidean duen eragina azalduko du Urrutiak. Amaitzeko, noski, herritarren galderak eta kezkak erantzungo dituzte hizlariek.
Antolatzaileek nabarmendu dute herritar ororendako deialdia dela. Egunerokotasunean eragina duten adibide praktikoekin emango dira azalpenak.
Ramon Ajuria: "Gurean ematen den kasuistika berezi hori azaltzea da ekitaldiaren helburua"
Alkateak labur-labur azaldu dizkigu hilaren 17ko ekitaldiaren nondik-norakoak.
Zer dela-eta halako ekitaldi bat Aramaion?
Iñaki Berriozabal abokatuak proposatu zigun ekitaldi bat egitea herritarrek eska dezaketen euskal foru-zuzenbideko eskubidea azaltzeko. Berezitasun kuriosoak ditu, Aramaion ematen direnak. Askotan zalantzak sortzen dira lursailen herentziak-eta banatzean eta gurean ematen den kasuistika berezi hori azaltzea da ekitaldiaren helburua. Adibide praktikoen bitartez eta modu errazean azalduko da.
Zeintzuk izango dira adituak?
Euskal foru-zuzenbidean aditua den Andres Urrutia euskaltzainburua etorriko da, besteak beste. Berriozabalekin harreman estua du eta oso gogotsu ei dago Aramaiora etortzeko. Patxi Uribarrenek ere egingo du berba.