Etxaguen auzoa eraberritzeko lanak nori esleitu erabakitzen dihardu Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 7a

Etxaguen auzoko azpiegituren eraberritzea "beharrezkoa" ikusten du Udalak aspalditik. Udalaz gain, noski, auzotar gehienak ere gogotsu daude auzora hobekuntzak hel daitezen. Etor Goikoetxea egungo auzo alkateak honakoa adierazi zuen 2011ko abendu hasieran: "Gurea izango da okerren dagoen auzoetariko bat".

Udalak ere premia handia ikusten du Etxaguen auzoan eta horri gehitu behar zaio Diputazioaren dirulaguntzak mantentzeko epe batzuk bete beharra. Horregatik iazko abendu hasieran egindako tramiteak bizkortu egin behar izan zituzten eta orain, lanak zein enpresari esleitu erabakitzeko prozesuan dabiltza.

Lehiaketara 37 enpresa aurkeztu ziren eta orain horietatik puntuazio altuena jaso duenaren ezaugarriak eta baldintzak aztertzen dabiltza. Mecuma S.L.U. da enpresa hori eta lehiaketara aurkeztu zirenean 681.650 euroko aurrekontuarekin egin zuten. Udalak, baina, prezio horren justifikazioa eskatu zion enpresari eta orduko kopurua da 699.411 eurokoa. 18.000 euro inguruko aldea dago beraz, eta Udalak alde hori justifikatzeko eskatu du.

Hainbat lan egin beharra
Bestalde, lanon epea murriztuko duela dio enpresak, izan ere, zortzi hilabetetan zena bost hilabetetan egingo dutela diote, eta beraz, gastu orokor guztiak jaitsiko lirateke. Hau guztia kontuan hartuta, Udalak ondorioztatu du Mecuma enpresak aipatutako desbiderapen ekonomikoa justifikatzen badu eta kontratua onartzen badu obra bost hilabeteko epean amaitzen duela, ontzat eman daitekeela eskainitako proposamena.

Ondoko eraberritze lanak jasotzen dira Etxaguen eraberritzeko egitasmoan: bide publikoak, ur edangarriaren distribuzio sarea, elektrizitate kanalizazioak, argiteria publikoa, telefonia eta gas azpiegiturak, kaleen zolaketa eta hondakin-uren eta euri-uren sarea.

Egubakoitzeko plenoa, gaur
Etxaguen auzoaren eraberritzeko esleipen prozesuaz gain, bestelako gaiak ere landuko dira gaurko osokoan (19:00). Izan ere, hilaren 3ko plenoa bertan behera geratu zen azken orduan idazkariak baja hartu zuelako. Bada, besteak beste, Garoñako zentral nuklearraren eta Gipuzkoako azpiegitura erraldoien aurkako mozio bana izango dira mahai gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak