Aramaixo Basarri Barri, beste edozein herritan abiatzeko moduko ekimena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 3a

Aramaixo Basarri Barri proiektua albiste da berriro ere. Aramaion ezaguna da landa garapeneko beste eredu bat proposatzen duen proiektu hori baina badira adibideak kanpoan ere ezaguna egiten ari dela erakusten dutenak. Urtarrilaren 22an, adibidez, Aiara, Laudio, Okondo eta Urduñako udaletako ordezkariak izan ziren gurean ABB bertatik bertara ezagutzeko. Eta orain, Zuiako koadrilan erakusketa ibiltaria egingo dute, eskualdeko herriek Aramaion sortu den ekimena ezagutu eta euren herrietan ere aplika dezaten.

Izan ere, Aitor Larrañaga Aramaixo Basarri Barriren Udaleko arduradunak uste du ABBren eredua beste edozein herritan dela aplikagarria: "Beti esan izan dugu proiektu hau beste edozein herritara zabaldu daitekeela.

Hori bai, herri bakoitzak aztertu beharko ditu erabilgarri dituen baliabideak eta horren arabera euren proiektua burutzen joan". Larrañagak dio halako proiektuak "amaiera gabekoak" direla: "Kanpotik jaso dugun interesak erakusten digu bide onetik goazela. Amaiera gabeko bidea da, izan ere, ABB barruko proiektuak bata bestearen atzetik sortuko dira".

Bederatzi talde parte hartzaile
Kontzientzia parte hartzailea pizteko lanean dihardu Aramaioko Udalak aurreko legealditik. Mairuelegorreta izeneko Gorbeiako mendi inguruaren landa garapeneko elkartearekin elkarlanean aritu dira hasieratik. 

ABBk eman ditu bere fruituak eta horren adibide dira izaera parte hartzailea duten Aramaioko talde eta elkarteak. Bederatzi dira egun: Aramaixoko sagarzalien elkartie, Aramaixoko ortuzainen elkartea, Barazki eraldatuen taldea, Arrautza ekoizleen taldea, Esne ekoizleen taldea, Aramaixoko ganaduzainen elkartea, Aramailur kontsumo taldea, Arbel Aramaixoko baserritarren kooperatiba eta Aramaioko ondarea berreskuratzeko taldea.

Horrez gain, hiru proiektu zehatz sortu dira ABBra begira: Ikerketa eta Berrikuntza zentroa, Murugaingo indusketak eta hiltegi zaharraren eraberritzea. Bestalde, erakusketa ibiltaria otsailetik apirilera bitartean egongo da ikusgai Zuiako Koadrilan. 13 panel erakutsiko dira, askotariko informazioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak