Maria Izaga: "Adeleren bideoarekin gustura geratu naiz, eta kantu gehiago grabatu eta Internetera igoko ditut"

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 29a

Astebetean ezagun egin da Maria Izaga gazte aramaioarra Adele abeslari ospetsuaren Someone like you kantua institutuko kantaldian abesteagatik. Musikaz gain, askotariko zaletasunak dituen neskarekin egin dugu topo.

Zelan daramazu ezustean iritsi zaizun ospea?
Arraroa da, ez duzu espero institutuan egindako bideo batetik horrelakoa sortzea. Lehengo martitzenean igo zen bideoa, eta astebetean telebistan eta guzti irten naiz. Aramaiotik kanpo ere askok esan didate zerbait: lehengo egunean Arrasaten emakume batek kalean geratu ninduen. Gehienak hitz ederrak izan badira ere, kritikaren bat edo beste ere entzun izan dut egunotan.

Nolatan irten zen Adeleren abestia kantatzeko ideia?
Arrasateko institutuan urtero Gabonetako kantaldia egiten da. Aurten, hori antolatzen duen irakasleak jakin zuen abestu egiten dudala eta animatzeko esan zidan. Azken ikasturtea egiten ari naiz eta banekien institututik abestu barik joaten banintzen, damutu egingo nintzela. Adele abestera animatu nintzen. Orain dela gutxi egin da famatu, eta haren bi lanak ditut hasieratik. Beti gustatu izan zait musika estilo hori, eta baita haren ahotsa ere; Someone like you gustura entzuten dut eta abesteko erraza da, egun hartan ahotsa txarto banuen ere.

Asko entseatu zenuen?
Bezperan, etxean karaokearekin abestu nuen birritan-edo, baina ahotsa txarto nuen. Egunean bertan ere apur bat entseatu nuen; ondo irten zen.

Noiztik abesten duzu?
Aramaioko abesbatzan hasi nintzen 7 urterekin, eta, egun, oraindik hor segitzen dut. Orain dela hiru urte Arrasate Musikalen kantu eskolak hartzen hasi nintzen, eta solfeo eskolak jasotzen ditut. Horrez gain, Izaskun Murgia elkarte lirikoan nabil. Zaletasun hori ez dakit nondik datorkidan. Aitaitak koruan abesten du eta amari ere beti izan gustatu zaio abestea. Musikari dagokionez, denetarik gustatzen zait, baina, bereziki, jazza, soula, rocka eta popa ditut gustuko.

Izaskun Murgian zarzuelak egiten dituzue. Ez da oso ohikoa gazte bat topatzea zarzuelak egiten. Zer dauka horrek zuretako?
Diferentea da: alaia da eta ondo pasatzen da. Lotsa guztiak joaten dira.

Trikitia ere jotzen duzu, ezta?
Hala da. Orain dela lau urte hasi nintzen. Lasaitu egiten nau. Lotsatu egiten naiz jendaurrean jotzean, baina barrena lasaitzeko modu ona da, euskal dantzak bezala. Horrez gain, pintura eskoletara ere banoa.

Bertsolaritzaz ahaztu zara...
Horretan ere banabil, Aramaioko Bertso Eskolan. Ikastolan, laugarren mailan gaudenetik hasten gara bertso eskolak hartzen astean behin. Arabako eskola arteko txapelketetan eta, aurten, nagusiekin koadrilen arteko Arabako txapelketan ere parte hartu behar dugu. Otsailean hasiko gara; finala martxoan izango da.

Denbora librerik baduzu?
Bai; jendeak hori galdetzen dit, baina, ondo antolatuta, samurra da. Asko ikasten da zaletasun bakoitzetik.

Etorkizunean musikatik bizi izan gura zenuke?
Noski, beti izan dut musikatik bizi izateko ametsa; nire instrumentua ahotsa da. Baina badakit oso zaila dela. Adeleren bideoarekin gustura geratu naiz; ziurrenik, kantu gehiago grabatu eta Internetara igoko ditut.

Ametsa bete bitartean, ikasten segituko duzu?
Bai. Datorren ikasturtean, Irakaskuntza, Ingeles Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretazioa egitea pentsatu dut. Oraingo hilabeteetan lotu behar dut hori. Musikaz gain, hizkuntzak ditut gustuko; letretakoa naiz ni.

Bestelako zaletasunik?
Udan AEBetara noa hilabete, familia batekin bizi izatera. Iaz hasi nintzen, eta aurten hara noa ostera ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak