Zuiako Koadrila saritu dute Fitur azokan, Gorbeia Central Park proiektua dela-eta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urtarrilaren 24a

Zuiako Koadrilaren lana saritu dute Madrilgo Fitur turismo azokan. Iazko udan koadrilaren eta Bizkaiko Gorbeialde nekazaritza guneen garapenerako elkartearekin batera elkarlanean abiarazitako Gorbeia Central Park proiektua izan da, hain justu, saria jaso duena.

Joan den eguenean egindako sari banaketa ekitaldian izan zen Lierni Altuna Zuiako Koadrilako presidente eta Aramaioko alkateordea: "Diploma bat eman ziguten. Nire interbentzioa oso laburra izan zen; saria eman izana eskertu nion antolakuntzari".

Ordezkari aramaioarraz gain, Gorbeialde elkarteko presidente Txomin Ozerinjauregi, Jaurlaritzako Industria eta Merkataritza sailburuorde Pilar Zorrilla, Basquetour-eko zuzendari Ana Izagirre eta Bizkaiko Diputazioko turismoaren hedapenerako zuzendari Gabino Martinezek jaso zuten saria.

Beste 31 ekimenen aurretik
Gorbeia Central Park turismo eskaintzak – proiektua "esperientzien parkea" moduan definitzen dute prentsa oharrean– Espainiako beste 31 egitasmo gainditu ostean jaso du Ingurumen arloko turismo aktiboa sustatu izanaren produktu onenaren saria.

Gorbeia Central Park proiektu hasiberriaren arduradunak oso pozik agertu dira Madrilgo Fitur turismo azokan jasotako errekonozimenduaz: "Saria Zuiako Koadrilaren eta Gorbeialde elkartearen artean Araban zein Bizkaian egindako lanaren ondorio da".

Erreferente turistiko 2012rako
Turismo eskaintza berri honek Gorbeia mendiaren inguruan hainbat jarduera eskaini eta proposatzen ditu, paraje natural ederrean guztiak ere: "Bisitariak harritzeko apustu irmoarekin, Gorbeiaren irudia aldatu gura dugu", diote.

Egueneko saria baliatuz, Gorbeia Central Park ekimena erreferente turistiko bihurtuko da 2012rako bidai agentzia eta irteeren antolatzaileendako. Fitur turismo azokaren marka jasoko dute saria irabazi dutela jakinarazten duena, edozein publizitate euskarritan erabiltzeko aukera izan dezaten.

Arrakasta etxean bertan izan du hasieratik, izan ere, Gorbeia inguruetako 80 bat enpresek –nekazal-turismoak eta jatetxeak gehienak.– bat egin dute dagoeneko ekimenarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak