Hitzordua goizeko 10:00etan zuten jarria udaletxean. Han, osoko bilkuren aretoan, ekimenaren gaineko informazioa jaso dute lehenengo kanpotarrek. Aramaioarrek euren esperientziaren nondik norakoak azaldu dizkiete eta ekimena herrian nola sortu zen kontatu.
Ondoren, herrian zehar egin zuten ibilaldia ekimenak orain arte eman dituen proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Hala, eraberritutako hiltegi zaharra ikustera joan dira, Aramaioko Sagarzale Elkarteak sagar zukua egiteko orain arte erabili duen lokala bisitatu dute, eta, azkenik, Ikerkuntza eta Berrikuntza Zentroa ezagutu dute.
Bisitaren ostean, guztiek batera bazkaldu dute Iturrieta sagardotegian. Noski, Aramaioko sasoiko produktu ekologikoak dastatu dituzte menuan. Eta kafean beste herrietatik etorritakoek euren herrietan dituzten proiektuen berri eman diete aramaioarrei.
Gustura gelditu dira egunak emandakoaz bai bisitariak eta baita aramaioarrak ere. Horrenbestez, elkarlana pizteko asmoz, sarriago elkartzeko erabakia ere hartu dute. Hurrengo hitzordua, otsailean Urduñan izango dela aurreratu digu Larrañagak.