"Iazko ekainerako bukatu behar zuten eraberritzea, baina hasierako proiektuan hainbat aldaketa egin zituzten. Obren zuzendaritza eroan duen arkitektoak hainbat aldaketa egin zituen. Gainera, ekainean gobernura heldu ginenean, ikusi genuen aurrekontua gehiegizkoa zela, eta hainbat murrizketa egitea erabaki genuen. Dena den, lanak ondo-bidean badoaz, otsail erdirako bukatuta egongo da hiltegi zaharra", esan digu Andoni Solupek, Hirigintza zinegotziak. Hiltegi zaharra eraberritzen bukatzeko geratzen zaizkien lanak hauek dira: lehenengo solairura igotzeko eskailerako baranda, suteen aurkako babes sistema, hezetasun-kengailua eta elektro-osmosia ipintzea.
Balkoirik ez
Egin dituzten murrizketen artean erabaki dute balkoirik ez ipintzea. Eraikinak egun ez dauka balkoirik, eta berria ipintzeak asko garestituko luke aurrekontua. "Hasierako proiektuan ez zen balkoirik aurreikusten, baina ipintzeko aukerak aztertu genituen. Balkoi berria ipintzea oso garestia da, eta, oraingoz, hala utziko dugu. Akaso, urteekin, 2011ko likidazioarekin dirua badaukagu...", dio Solupek.
Kreditu aldaketa
Abenduaren 2an egindako osokoan, hiltegi zaharraren eraberritze lanak ordaintzen bukatzeko kreditu aldaketa eskatzea adostu zuten. "3.000 euro bakarrik genituen, eta lanak ordaintzen bukatzeko 25.000 euroko kreditua eskatzea erabaki genuen. Hori horrela, aurrekontua 340.000 euro inguru izango da", diote Aramaioko udal ordezkariek.
Hiltegi zaharra eraberritzeko hasierako aurrekontua 316.000 euro zen. Horietatik, Erein eta Arabarri elkarteek 140.000 euro eman zuten.
Lehen solairuan artxiboa
Artzamendi Construcciones SA enpresak dihardu lanok egiten. Hiltegi zaharrak kanpotik itxura berbera izango du, baina egurra erabili dute estetikoki apaintzeko. Bi solairu ditu, eta banaketa zehaztuta dute: beheko solairuan askotariko ekintzak antolatzeko gela txukundu dute eta goiko solairuan artxiboa kokatuko dute. "Udaletxean dago Aramaioko artxiboa. Lekua txiki geratu da, katalogazioa ez da egokiena, eta, gainera, erreka ondotik pasatzen da. Hori horrela, hezetasun handia dago", esan digu Solupek.
Oraindik zehaztu ez dutena da noiz aldatuko duten artxiboa lekuz: "Lan nekeza izango da, dokumentu asko daudelako. Ondo antolatu beharko dugu, baina ez daukagu datarik. Aurrerago egingo dugu".
Komun publikoa
Beheko solairuan Aramaio Baserri Berriko (ABB) kideek euren produktuak saltzeko eta trukatzeko lekua izango dute. Oraingoz, eurek erabiliko dute, baina aurrerago beste erabiltzaile batzuk izango ditu. "Oraindik ez dugu zehaztu ze erabilera izango duen. Erakusketa gela izan daiteke edo beste ekintzaren bat antolatzeko gunea ere bai", esan digu Hirigintza zinegotziak.
Hiltegi zaharrak izango duen beste erabilera –ABBkoendako eta artxiboarendako leku izateaz gain– komun publikoarena izango da. Eraikinean egokitu duten komuna publikoa izango da. "Edonork erabili ahal izango du, eraikin barruan ekintzaren batean egon, edo kalean paseatzen egon. Zerbitzu hori ere emango du hiltegi zaharrak", diote. Komun bakarra dauka eraikinak, eta etxean ditugun komunen antzekoa da, baina ate zabalagoarekin.
