Elkoro etxean dago, preso, eta Txatillo erdi gaixorik dago. Hala, Aramaio izango da herri bakarra orduko eta egungo alkatea eramango dituena. Etxarri-Aranatzen izango dira, beraz, Julian Unzueta eta Ramon Ajuria.
Domekan ekitaldi berezia egingo da Etxarri-Aranatzen: urtarrilaren 16an 35 urte beteko dira udaletxeko balkoian Ikurrina jarri zela, Euskal Herri osoan sona handia izan zuen ekitaldi jendetsuan. Orduko ekitaldi hartan trantsizio garaiko Alkateen Mugimenduko kideak Etxarrin bildu ziren, eta amnistiaren, foruen eta euskararen aldeko aldarrikapena egin zuten.
Bada, Etxarri-Aranazko Udalak urteurren borobil hori gogoratzeko ekitaldia egingo du etzi. Ekitaldi "xumea" izango da, Etxarri-Aranazko alkate Jose Ignacio Bakaikoaren arabera: 10:30ean harrera ofiziala egingo zaie udal hautetsi eta eragileei, 11:30ean ekitaldi instituzionala egingo dute udaletxeko areto nagusian eta 12:00etan, berriz, ekitaldi publikoa egingo da udaletxe aurrean. Amaitzeko, 12:30ean, luncha egingo dute.
Jose Luis Elkoro, etxean preso
Euskal Herri osoko hainbat alkate eta eragile gonbidatu dituzte ekitaldira. Debagoienari dagokionez, Aramaiok, Arrasatek eta Bergarak ziurtatu dute egongo direla. Jose Luis Elkoro –Alkateen Mugimenduko buru izan zenak– ez da egongo etxe barruko atxilotze egoeran dagoelako. 08:00etatik 13:00etara bakarrik irten daiteke. Jesus Elortza egungo alkatea eta Elkororen senideren bat egongo dira. Hori horrela, ekitaldiaren antolatzaileek aipamen berezia egingo diote Elkorori, "35 urte pasa eta gero, herriarekin hartutako konpromisoagatik preso daukatelako".
Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizar joango da. Arrasateko orduko alkate Jose Antonio Altuna, berriz, ez da egongo erdi gaixorik dagoelako.
Ikurrina Aramaion jarri zenekoa
Beraz, Aramaio izango da orduko eta egungo alkatea eramango dituen ibarreko herri bakarra. Julian Unzueta 1977an Aramaioko alkate zenak ez du oroitzapen handirik Etxarri-Aranazko ekitaldiaz, baina oso ondo gogoratzen du Ikurrina Aramaion jarri zen egunaz: "1977ko urtarrilaren 19an jarri zen. Bailarako herrien artean Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara eta Aramaion ordu berean jarri genuen. Plenoa egin ostean izan zen, 20:00ak aldera. Alkateen Mugimenduaren barruan geundenok bagenekien hilaren 20an Donostian jarri behar zela. Bada, guk egun bat lehenago jartzea erabaki genuen, Donostiako alkatea ez zelako inplikatu".
Julian Unzueta: "Beteranoa nintzen eta orduan esperientzia asko baloratzen zen"
Bitxikeria bat ere kontatu digu: "Arrasateko alkate Altunak antolatutako afari baten gogoratzen ditut Elkororekin izandako berbaldiak. Adibidez, taldeko zaharrena nintzen eta gerra garaiaz berbetan ari nintzela Elkorok galdetu zidan ea nola nekizkien halako kontuak. Ordurako zortzi urte nituela esan nion. Beteranoena nintzen eta orduan esperientzia asko baloratzen zen". Egungo alkate Ramon Ajuriarekin batera joango da Unzueta.