Hala adierazi digu Edurne Uribarren-Iturrieta ongizate zinegotziak: "Joan den astean kanpoan egon nintzen eta astelehenean enteratu nintzen gertatzen zenaz, herritarrek kalean esanda. Zenbait egunetan ez da medikurik egon eta autorik ez dutenendako oztopo handia da Arrasatera joan beharra". Ohiko mediku zerbitzua izan da hutsuneak izan dituena. Eguneko zentroak, esaterako, normaltasunez funtzionatu du.
Kexa formalik ez, "oraingoz"
Udalak Osakidetzan kexa formala jartzeko asmoa erakutsi zuen hasieran baina oraingoz ez dute halakorik egingo. Uribarren-Iturrieta atzo egon zen Osakidetzako arduradunekin eta adierazi zioten astelehenetik aurrera arazoa konponduko dela: "Postu asko betetzeko jende gutxi zutela esan zidaten, baina astelehenetik aurrera egunero egongo zela medikua. Espero dugu hala izatea eta egoera normaltasunera bueltatzea. Oraingoz ez dugu kexarik jarriko baina zerbitzuaren jarraipena egingo dugu".