Aramailur kontsumo taldea, handitzeko gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 8a

Aramailur aurrera doa. Ia urtebete pasa da dagoeneko Aramaioko kontsumo taldea martxan jarri zenetik. Ia urtebete martitzenero 19:00etan udaletxeko arkupean elkartu eta Aramaioko bertako barazki ekologikoez osatutako otzarak jasotzen.

Bada, esperientzia egonkortu ostean, taldea handitzeko moduan daude orain eta ateak zabaldu gura dizkiete kontsumo taldeko kide izatea gura duten guztiei: "Zuk ere produktu osasungarriak nahi badituzu eta kontsumitzeko era arduratsuago baten bila bazabiltza, hurbildu edozein martitzenetan udaletxeko arkupera eta informatu".

Kontsumo taldearen gainean informazioa jasotzeko beste modu bat da aramailurtaldea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzea. Interesatuek urtea amaitu aurretik, abenduaren 31a baino lehen, egin beharko dute eskaera.

Baldintza aipagarririk ez taldean sartzeko
Mikel Oceja kontsumo taldeko presidentearen arabera, 2012ra begira 11 kide egongo dira Aramailur taldean. Taldea hedatzea unea heldu dela uste du Ocejak, baina asmoa ez da izugarri handitzea, eskaintza ere mugatua delako: "11 kide gara eta 20 bat-edo izatea gura dugu".

Eta zergatik egin Aramailur taldeko kide? Honela azaldu digu: "Esperientzia posible dela frogatu dugu eta bertako ekoizleendako irteera bat ere bada. Gainera, Aramaion gero eta denda gutxiago daude produktuak erosteko eta gurea kontuan hartzeko beste irteera bat da, bertako produktuak kontsumitzeko modu arduratsua". Egun barazkiak dira nagusi, baina haragia, arrautzak, esnea eta gazta ere sartzen da martitzeneroko saskian.

Ez dago baldintza aipagarririk kontsumo taldeko kide egiteko. Egokiena da martitzenean 19:00etan udaletxeko arkupera joan eta funtzionamenduaren berri bertatik bertara izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak