Egitasmoaren arabera, bide publikoak hobetzeaz gain, ondoko lanak jasotzen dira: ur edangarriaren distribuzio sarea, elektrizitate kanalizazioak, argiteria publikoa, telefonia eta gas azpiegiturak, kaleen zolaketa eta hondakin-uren eta euri uren sarea. Udalak urgentziazko tramitazioa eman dio proiektuari, eta, osoko bilkuran aztertu ondoren, urtea amaitu baino lehen egin nahi dute lanen adjudikazioa.
Etor Goikoetxea Etxaguengo auzo-alkatea eta Iban Astola haren aurrekoa izan ziren egubakoitzeko osoko bilkuran. Auzotar gehienek sinatutako idatzia eraman zuten udaletxera. Goikoetxeak hauxe esan zuen: "Sei urteren bueltan ibili gara lan hauekin gora eta behera eta urte askoan egon da auzoa inbertsio horien zain, horren premia dugu-eta. Lanok onurak besterik ez dio ekarriko auzoari eta gehienok sinatu dugu idatzia. Gurea izango da okerren dagoen auzoetariko bat eta tontoarena egitea litzateke dirulaguntzak jasotzeko aukera hau pasatzen uztea".
Auzotarren idatzi horretan zera jasotzen da: "Ez gaude inoren eskubideen aurka, denon eskubideen alde baizik. Baina bada garaia aurrera egiteko proiektuarekin. Horregatik, ausardia eskatzen diogu udaletxeari aurrera botatzeko eta daukagunari eusteko. Bestetik, obra garaian seguruenik agertuko diren aldaketak auzotarren oniritziarekin egitea nahi dugu. Uste dugu baita ere patrimonio publikoa babestu egin behar dela eta honen harira, uraren erabilpena babestu eta modu egokian banatu".
Dirulaguntzaren zain
Aramaioko Udalak urgentziazko tramitazioa emateko arrazoia dirulaguntzak izan dira. Hirigintza zinegotzi Andoni Solupek azaldu digunez, egin beharreko lanen aurrekontua 1.343.800 euro ingurukoa da eta Arabako Diputazioarengandik 983.000 euro inguruko dirulaguntza jasotzea espero dute. Horretarako baina epe batzuk bete beharra zegoen eta hortik etorri da urgentziazko tramitazioa egitea.
Urtebete inguruko lanak
Udaleko iturrien arabera, lanen adjudikazioa egin eta lanak urtarrilean edo otsailean abian jartzea da asmoa. Exekuzioa, berriz, 10-12 hilabetetan egin beharko dituztela aurreratu digute. Etor Goikoetxearen hitzetan, "hilabete horietan lanek eragindako eragozpenak jasan beharko ditugu, baina azkenean horrenbeste denboran itxarondako hobekuntzak heltzen badira, gaitz erdi". Aramaioko auzo ederrenetariko bati heldu zaio, azkenik, itxura berritzeko unea.