Ainhoa Sanz: "Guraso gehienek ez dakite euren seme-alabek zertan jolasten duten"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 1a

Gabonak ate joka ditugu eta ziur Aramaioko hainbat gaztetxok bideojokoak eskatuko dizkiola Olentzerori. Ainhoa Sanz adituarekin egon gara, horien erabilera seguruaz berbetan. Martitzenean izan zen Aramaioko kultur etxean, gaiaren gainean hitzaldia emateko.

Gaztetxoek erabilera egokia ematen al diete bideojokoei?

Badakite jolasten baina horien erabilera egokia gurasoen esku dago neurri handi baten. Hau da, bideojokoen edukiak aproposak diren edo ez gurasoek kontrolatu beharko lukete. Hitzaldiaren helburua da bideojokoak zer diren aurkeztu, zein onura dituzten azaldu eta batez ere sor ditzaketen arriskuen gainean ohartaraztea.

Hala, gurasoei laguntzea gura dugu eta arriskuok aurreikusten lagundu.
Izan ere, azken helburua da joko horiek modu seguruan erabil ditzaten lortzea.  

Gurasoendako ekimena da, beraz.
Bai, hala da. Izan ere, gaztetxoek badakite kontsola edo ordenagailua erabiltzen eta alde horretatik gurasoak baino aurreratuago daude. Guraso gehienek ez dakite euren seme-alabek zertan jolasten duten. Orduan, gurasoei bideojoko horiek ezagunagoak egin gura dizkiegu.

Zeintzuk dira erabilera desegokiaren adibide garbienak?
Batez ere internet bidezko jokoetan ematen dira seguruak ez diren erabilerak. Haur eta gaztetxoek pribatutasuna ez dute gordetzen, euren hainbat datu ematen dituzte jakin gabe zergatik eta zertarako ari diren datuok ematen.

'Ciberbullying' eta 'Grooming' kasuak geroago eta gehiago ematen dira eta berba horrek zer esan gura duen eta nola ekidin daitezkeen azaltzen dugu. Menpekotasun kasuak ere ematen dira eta horiei nola aurre egin erakusten dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak