2012rako aurrekontuak izango dituzte berbagai gaurko osokoan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko abenduaren 2a

Azaroko ohiko plenoa eguaztenean, hilak 30, egitekoa bazen ere, gaur egingo dute. Arrazoia da, Lierni Altuna jarduneko alkatearen arabera, 2012rako aurrekontuen zirriborroa prestatzeko atzerapenak izan dituztela eta batzorde guztietatik pasatzerik izan ez dutela. Hala, gainerako zinegotziei proposatu zitzaien bi egun beranduago egitea, bi bilkura ezberdin ez egitearren. Aho batez onartu zen proposamena.

Aurrekontuetan bi arrazoik eragin zuzena izango dute, Altunak aurreratu duenez. Lehena da Arabako Aldundiak urtero bideratzen duen diru kopurua %15a murriztuko duela. Diru hori da Udalaren diru iturri nagusia eta beraz, asko baldintzatuko du kudeaketa. Bigarren arrazoi bat ere badago: Etxaguen auzoko hiri-azpiegiturak eraberritzeko lanak –errepidea zabaldu behar da, besteak beste– urtarrilean hasiko dira, lanok egingo dituen enpresa esleitzeko prozesua ondo badoa.

Bada, lan horien %80a Diputazioak ordaindu behar badu ere, Udalarendako diru asko suposatuko du. Hala, nahitaez murrizketak egin beharko dituzte: "Murrizketak orokarrak izango dira baina Ongizatea, Euskara eta Kultura bermatzeko, Hirigintza Sailak jasoko du murrizketa handiena".

Bilduren hiru mozio
Bestalde, plenoan hiru mozio aurkeztuko ditu Bilduk. Lehenak emakumeen kontrako indarkeria izango du hizpide; genero indarkeriaren aurrean "udal politika aktibo, osoa eta koordinatua" egiteko konpromisoa jasotzen du.

Bigarrenak, Euskararen Egunaren harira, udal jarduna euskaraz egiteko konpromisoa jasotzen du eta azken mozioak, berriz, euskal presoen eskubideak aldarrikatzea du helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak