Hala azaldu digu Olga Jauregi liburutegiko arduradunak: "Oso gaztetxoak izan arren klase orduez kanpo hainbat ekintza izaten dituzte eta asko baserri auzoetan bizi dira.
Horregatik, eta saioetako asistentzia bermatzeko, klase orduetan egingo dira ekintzak". Hau da, aurten ere Euskaren Egunaren harira antolatu diren ekintzak eskolako arduradunekin elkarlanean antolatu ditu Jauregik.
Lehen ekintzak, eguenean
Abenduaren 1ean, hasteko, euskarazko literaturan aski ezaguna den –eleberriak ilustratzerako orduan bereziki– Jon Zabaleta ilustratzaileak bi saio egingo ditu; lehena, 4 eta 5 urte arteko ikasleendako eta bigarrena, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleendako.
Horrez gain, Lupe Lekuona ipuin kontalari ezagunak ere beste bi saio egingo ditu egun berean; Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoendako lehena, eta 5. eta 6. mailako ikasleendako bigarren saioa. Bi edo hiru ipuin kontatzeaz gain, euskara eta umorea uztartuko dituen "esperimentu bat" egingo duela adierazi die antolatzaileei Lekuonak. Liburutegiko arduradunaren arabera, ipuin kontalariak bideoren bat erabiliko du.
Antzezlea ipuin kontalari
Euskararen Egunaren bezperan ere, hau da abenduaren 2an, ipuinek hartuko dute protagonismoa. Eñaut Gorbea Zurrunka antzerki taldeko ipuin kontalaria izango da gurean. Ipuin kontalaria izateaz gain, antzezlea ere bada. Klown antzerkia bereziki gustuko du Gorbeak.
Hala ere, orain ipuinak kontatzen dihardu, haurrekin hainbat urtetan lan egindakoa dela aprobetxatuz. Bi saio eskainiko ditu Aramaion: lehena 6 eta 7 urte artekoendako izango da eta bigarrena, aldiz, 8 eta 12 urte artekoendako.
Bitxikeri moduan aipa daiteke Gorbeak Arantza Ozaeta eta Divina Arriolabengoa aramaioarrek jasotako bi liburu kontatuko dituela. Egitarauarekin amaitzeko, 22:15ean Kukubiltxoren saioa izango da Kultur etxean.