Urtaro bakoitzeko irabazleei dagokienez, Aizpea Ajuriagerrak neguko argazki onena atera du, Konsuelo Errastik udaberriko onena, Ibabe Ibañezek udakoa eta Antonio Garciak, azkenik, udazkenekoa. 100 euroko jasoko du azken horietako bakoitzak.
2012ko egutegirako irudiak
Aipatutako argazki sarituez gain, Udaleko Kultura Sailak lehiaketara aurkeztu diren beste argazki batzuk ere sartuko ditu 2012rako egiten dabilen egutegian.
Elkarrizketa Andoni Epelde lehiaketako irabazleari

"Negurako aproposa iruditu zitzaidan, ez nuen uste sari nagusia irabaziko zuenik"
Argazkilaritza munduan eskarmentu handikoa da Andoni Epelde (Arrasate, 1970). Gustu handiz eta pozik jaso du Udalaren saria.
Arrasatearra izanda, nola izan zenuen lehiaketaren berri?
Sarritan ibili izan naiz Aramaio eta inguruko parajeetan argazkiak ateratzen. Internet bidez izan nuen lehiaketaren berri eta argazki batzuk bidaltzea bururatu zitzaidan.
Eta zergatik aurkeztu zenuen argazki hori?
Kurtzetan dago aterata, duela hiru urte-edo. Ikusi nuen sari ezberdinak zeudela: udaberrikoa, udakoa, negukoa...
Eta negurako nahiko aproposa zela pentsatuz bidali nuen. Negurako funtziona zezakeela iruditu zitzaidan baina ez nuen uste sari nagusia irabaziko zuenik. Harrituta eta pozik nago, beraz.