Domekako kontzertuaren gaineko argibideak Antton Errarte abesbatzako zuzendariak eman dizkigu: "Santa Zeziliaren omenez, koroetan ohitura denez, kontzertu txiki bat egingo dugu domekan. Lau edo bost kantu abestuko ditugu, besterik ez. Kontzertu erdi bat izango da".
Gauza handirik ez dela izango dio zuzendariak baina hori ez da entseguetan atzematen, izan ere, mimo eta gustu handiz prestatzen dituzte abestiak. Elizan bertan batzen dira martitzenero eta betidanik izan duten zaletasunarekin gozatzeko aukera izaten dute. Gaztetatik abesteko ohitura dutela igartzen zaie.
Ohitura betidanik baina 1983an federatu
Kortabarriak halaxe gogoratzen ditu abesbatzaren hasierako urteak: "Aramaion duela 100 urtetik hona beti egon da abesteko zaletasuna. Urte batzuetan indartsuago edo ahulago, baina beti egon da koroa. Hori bai, Bizente Goikoetxea abesbatza 1983an federatu zen". Euskal Herrian eman dituzte kontzertu gehienak baina kanpora ere irten dira.
Hurrengo saioa domekan egingo dute eta gero bazkaltzera joango dira Dukiena jatetxera. Eta abendurako badituzte beste bi hitzordu: hilaren 11n Aramaion eta hilaren 18an Arrasateko San Andres auzoan.
Antton Errarte, zuzendaria: "Domekakoa kontzertu txiki bat izango da, lau edo bost kantukoa. Euskaraz zein gazteleraz abestuko dugu eta kontzertu erdi baten iraupena izango du. Izan ere, abenduaren 11rako kontzertu serioago bat prestatzen gabiltza, txistulari eta guzti. Gabonetako kontzertua izango da".
Bittor Kortabarria, presidentea: "Aurten hasi naiz presidente lanetan, Angel Astondoaren ordez. Astondoa aurreko lau urteetan izan zen presidente. Federaziotik datozen eginbeharrez arduratzen naiz eta baita asteroko entseguetan taldeari albisteren bat eman behar da, horren berri emateaz".