Zein da hiru saioen helburua?
Gurasoekin eta haurren inguruan dabiltzan pertsona helduekin kontu kontari aritzera nator. Horiei guztiei gonbidapena egin gura diet nirekin eta haurrekin kontu kontari aritu daitezen.
Eta nola ulertzen duzu, bada, kontu kontari aritzea?
Gaur [atzo], adibidez, ahozko literatura landuko dugu eta horren barruan irakurketa ozena landuko dugu. Ozenki irakurtzearen garrantzia azpimarratuko dugu eta nola egiten den irakatsi.
Hori guztia adibide eta jolas praktikoekin egingo dugu, tailer erara.
Datorren astean ere beste bi saio gidatuko dituzu. Zer landuko duzue saio horietan?
Martitzenean, haur poesia ezagutzera emango dugu. Askorendako arraroa da gaia baina ikusiko dugu nola ez den horren arraroa. Are gehiago, ezagutzen hasiz gero gehienen gustukoa izaten da. Beldurrak kentzen eta haur poesiaren ahozko baliabideak erabiltzen ikasiko dugu martitzeneko saioan.
Azaroaren 24an amaituko da tailerra. Istorioak bat-batean kontatzen ikasiko dugu. Garrantzi berezia emango diogu haur eta helduen artean emozioak, estetika eta irudimena osagai dituen komunikazioari.
Bi ordu izan arren saio eramangarriak izango dira, beraz.
Badakit jende gehiena nekatuta eta estresatuta dabilela. Tailerra izango da, eta saioetan lasai-lasai eta batez ere ondo pasatuz kontu kontari arituko gara. Gonbidatuta zaudete, zatozte!