Auzoetako alkate berriak izendatu dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 18a

Joan den domekan Ibarra auzoko bi alkateak izendatzeko egindako bozketaren ostean, aukeratu dituzte 2011-2015 legealdirako Aramaioko auzo alkate berriak. Udalak alkateon eginbeharra arautu gura du. Horregatik joan den domekan hautestontzi bat jarri zuten auzotarren iritziak eta iradokizunak jasotzeko. Helburua da eginbeharrak zehaztea; orain emaitzak aztertzen dabiltza.

Ibarra da Aramaioko auzorik jendetsuena eta auzotarrek orain arte egon direnak aukeratu zituzten domekan, bozketa bidez: Jose Carretero –Ibargoia, Aita Gabriel Juaristi, Iturrizuri eta Bizente Goikoetxea plaza– eta Fernando Perez – Nardeaga, Pedro Ignacio Barrutia eta Santakrutz Abadea plaza–. Beste auzoetako alkateak aste batzuk lehenago aukeratu ziren, elkarteetan bozketa eginda –gehienak– edo etxez etxe botoa jasoz.

Auzo bakoitzak bere erara funtzionatzen duen arren, auzo alkate aukeratua izan denak badu aukera ezezkoa emateko.

Jose Carretero izango da Aramaioko auzo jendetsueneko alkatea, eta beste lau urtez jarraituko du lan horretan: "Bozketaren ostean aldaketa egiteko proposamena egin nuen, aldaketa beti datorrelako ondo".

Izan ere, Carreteroren arabera, ez da inor boluntario aurkezten. Ibarran, Aramaioko beste auzo gehienetan moduan, hautagairik aurkeztu gabe auzotarrek alkatea aukeratzen dute.

Zaborra, aparkalekua eta kakak
Aurreko legealdiko esperientzia ere kontatu digu Carreterok: "Udalaren eta auzotarren arteko bitartekari lanak egiten ditut batez ere. Jendeak kalean geratzen nau eta honakoa edo bestea aipatzen dit. Nire lana da horren berri udaletxean ematea". Batzarrik ez dute egiten, ez dagoelako beharrik; bizilagunek kalean harrapatzen dute: "Auzoan bizi naizenez denek ezagutzen naute eta batzarrak eguazten gauean edo domeka  goizean izaten dira.

Hau da, ez dago ordutegirik, unean bertan egiten dira". Jendea ez da larregi kexatzen, Carreterok dioenez: "Zaborren, aparkalekuen eta txakurren kaken gainekoak dira kexa gehienak. Hori bai, zaborra edukiontzi gainean, autoa gaizki aparkatuta edo txakurren kakak jasotzen ez dituztenak berdinak izaten dira normalean eta horien aurka egiteak errespetua ematen du; hori da nire lanaren alderik negatiboena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak