Paula Amilburu: "Momentuan sortzeak ematen duen zirraragatik, askoz gusturago aritzen naiz bat-batekoetan"

Txomin Madina Milikua 2011ko azaroaren 14a

Oraindik batxilergoko azken maila bukatzeko duen arren,  etorkizunean bere burua laborategi baten ikusten du 93ko aramaioar honek. Oraingoz, baina, agertoki gainean ikustea errezagoa izango da, dela bertsotan, dela dantzan.

Betidanik erakarri izan zaituzte bertsoek?
Egia esan behar badut, ez; hasieran, nahiz eta bertso eskolan egon, ez nintzen bertso saio asko ikustera joaten. Baina orain dela urte pare bat piztu zitzaidan benetako interesa eta bertso saioekin benetan disfrutatzen hasi nitzen. Akaso, kontua izan da bertsolaritzari buruz ikasterakoan beste bertsolariekin identifikatu ahal izan naizela, beste bertsolarien bertsoen bukaerak imajinatu ahal izan ditudala...

Zer-nolako giroa duzue Aramaioko bertso eskolan?
Giro itzela dago bertan. Bost bertsolari, bi gai-jartzaile eta bi irakasle gaude eta gure arteko giroa lagunartekoa da. Horregatik, bertsotan aritzerakoan beti ari gara besteei adarra jotzen, eta, norbait pikatzen bada, badaki dena brometan dela. Disfrutatu egiten dugu denok.

Bertso-paperean edo bat-batekoan, non gusturen?
Askoz gusturago ibiltzen naiz bat-batean, batez ere momentuan sortzeak ematen duen zirraragatik. Bertso-paperetan perfekzioa bilatzen da gehiago; ezin da hankamotzik edo hankaluzerik sartu eta ez dauka horrenbesteko graziarik. Bat-batekoan, berriz, gaia entzun eta denbora laburra dago dena pentsatzeko; ahalik eta azkarren azkena pentsatu, errimak lortu eta suizidatu egiten da bat. Beharbada, ez da ondo irtengo edo zuri gera zaitezke, baina sentsazioak merezi du.

Eta gai serioen edo umoretsuagoen artean aukeratu beharko bazenu?
Umoretsuak aukeratuko nituzke; batez ere, ikus-entzuleek askoz gehiago disfrutatzen dutelako. Bertsolari bat beste bertsolariarekin sartu eta haren erreakzioa ikusita barre asko egiten du jendeak. Hala ere, niretzat gai serioak errazagoak dir; izan ere, ideiak ez ditut horrenbeste pentsatu eta garatu behar. Gai umoretsu baten, aldiz, ez bada ideia ondo moldatzen, akaso ez du graziarik egingo eta gaizki gera zaitezke. Baina gai serioak ere asko gustatzen zaizkit, nire pentsatzeko modua hobeto erakusten dutelako.

Lehiaketetan ere aritzen zara. Nola ikusten duzu zure burua horrelakoetan?
Batez ere, urduri, beti jartzen naiz oso txarto saioaren aurretik. Baina lagunak eta bertso eskolakoak beti daude ondoan lasaitzeko, edo horretan saiatzeko. Baina tira, hasierakoa pasata nahiko ondo ikusten dut nire burua; akaso, ez daukat bertsolari askok duten mailarik, baina gustura sentitzen naiz kantuan.

Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Bertsolaritza nire bizitzaren zati garrantzitsu bat da; ez saioak bakarrik, mundu horretako jendeak ere eragin handia dauka nigan. Jende berri asko ezagutu dut bertsolaritzagatik, eta, ez dakit horregatik izan den edo ez, baina konfiantza handiagoa daukat nigan eta jendaurrean gero eta erosoago hitz egiten dut.

Egungo bertsolaritzako izen handietatik zein duzu begikoen?
Bertsolari asko gustatzen zaizkit; nola ez, Maialen Lujanbio, Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi duen lehenengo emakumea delako. Beste asko ere badaude: Manex Agirre, nola ez, Jon Maia, Julio Soto, Alaia Martin... Eta bertsotan egiteko gai den edozein.

Bertsotan ez ezik, dantzan ere aritzen zara...
Bai; 5 urte nituenetik nabil euskal dantzetan, eta, egia esan, txikitan dantzak nahiko eskas irteten zitzaizkidanez, barregarri geratzea zer den erakutsi dit. Izan ere, pausoz nahastu eta beste gauza bat dantzatzen hasten nintzen. Orain, hobetu egin dut, eta eskerrak, baina beti dago pausoz nahasteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak