San Martin eguna giro ederrean ospatu zuten aramaioarrek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 12a

Atzo jai eguna izan zen Aramaion, San Martin eguna. Eguenean San Martin eskolako haurrek ospakizun berezia egin zuten eta atzo Txirritola euskara elkartearen eta Trikitixa taldearen eskutik arratsaldean zehar ez zen aspertzeko astirik izan. Haur eta gaztetxoek zein helduek pleno aretoan egin zen Txirripartxis lehiaketan hartu zuten parte eta gero, Trikitixa taldearen kalejira etorri zen. Eguna borobiltzeko trikitilariek buzkantza, txorixoa eta ardoa dastatzeko aukera eman zuten udaletxeko arkupean.

Eguenean San Martin eskolako haurrek modu berezian ospatu zuten San Martin egunaren etorrera. Arratsaldean eskolako patioan elkartu ziren. Abestu eta dantzatzeaz gain, irrintzi lehiaketa ere egin zuten eta ospakizunekin amaitzeko, gaztaina erreak dastatzeko aukera izan zuten haur, guraso zein irakasleek.

Txirripartxis lehiaketak erantzun ona

Atzo arratsaldean hasi ziren ospakizun ekitaldiak. 16:30etik aurrera partxisa izan zen nagusi udaletxeko pleno aretoan. Lehenik eta behin 15 urtetik beherakoen txanda izan zen eta 17:30etik aurrera helduek hartu zuten protagonismoa. Hamar urte bete ditu aurten Txirripartxisa-k. 14 urtera arteko 31 haurrek eta 15 urtetik aurrerako 12 helduk hartu zuten parte. Haurren artean Igotz Mateo, Julen Errasti eta Even Steven izan ziren irabazleak eta helduen artean, berriz, Mikel Ruiz de Azua, Amaia Lopez de Bergara eta Alex Mendikute. Postuen araberako diru kopuru  ezberdina jaso zuten, Elkar dendetan euskarazko materialarekin trukatzeko.

18:00ak jota, plazan, Trikitixa taldekoak kalejira hasi zuten goiko kaleetan barrena eta ospakizunekin amaitzeko Trikitixa taldekoek udaletxeko arkupean jarritako buzkantza, txorixo eta ardoa dastatzeko aukera izan zen. Egun borobila, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak