Herriko ahozko literaturaren gordailu lanak egin dituzten edadetu aramaioar horietako asko apenas irten dira euren auzotik eta horregatik ipuin eta legendek ezaugarri ezberdinak dituzte. Lehen bilketan, 2000. urtean, Udalak emandako bekaren bidez errolda hartu eta 80 urtetik gorakoak elkarrizketatu zituzten, parrokoaren gomendioei jarraiki. 2010eko bilketan, berriz, Eusko Ikaskuntzaren beka zutela –Jose Maria Velez de Mendizabali oso interesgarria iruditu zitzazion lana– senari eta herritarren gomendioei jarraitu zieten elkarrizketak egiteko. Horrez gain, eurak ezagutzen zituzten gertuko adinekoekin ere egon ziren.
Azken bilketa honetan 17 elkarrizketa egin dituzte. 2000. urteko galdetegiak prestatzeko Joxemiel Barandiaranek egindako etnografia lanetan ipuin eta kondairei zegozkien galderetan oinarritu ziren, eta CD baten jaso zuten lana –audioa bakarrik–.
Iaz, aldiz, elkarrizketatu gehienak ez ziren gai ipuinak hasieratik amaierara kontatzeko eta eguneroko bizitza, jolasak eta gerra garaiko bizipenak jaso zituzten, besteak beste.
Bihar, Kultur etxean (12:00)
Beranduegi izan aurretik omenaldia egingo diete protagonistei: "Eskerrak emateko gogoa genuen, gizartean izan behar duten lekua aldarrikatu", azaldu du Arriolabengoak.
Udalak antolatu du omenaldia; bihar izango da, 12:00etan, Kultur etxean. Arriolabengoa eta Ozaetak egindako elkarrizketak jasoko dituzte opari protagonistek, eta luncha ere egongo da. Sorpresarik ere ez da faltako. Udalak nabarmendu du ekitaldi irekia dela eta aramaioar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera.