Mertxe Mondragon: "Hamalauren ilegalizazioa zela-eta politikoki giro onik ez egon arren, Udalean lan egiteko garai ona izan zen"

Txomin Madina Milikua 2011ko azaroaren 9a

2003ko ekainaren 14an Aramaioko lehen –eta oraingoz azken–  emakumezko alkate bihurtu zen Mertxe Mondragon (Aramaio, 1949). Ordurako bazuen eskarmenturik udal jardunean, aurrez bi etapatan zinegotzi izan zen-eta.

Nolakoa izan zen alkatetzara heldu arteko bidea?
Beti ibili izan naiz elkarteetan-eta, eta gero EAJn sartu nintzen. Hor egin nuen nire bidea; besteak beste, agintaldi baten zinegotzi moduan eginaz eta 2002an ordezko zinegotzi izanda.

Behin alkatetzara helduta, nola aurkitu zenuten herria?
Kontua ez zen izan alkatetzara heldu eta hutsetik hastea; EAJk beti izan du proiektu bat eta gauzak nahiko bideratuta zeuden. Nire lana izan zen bide horri jarraitzea.

Nolako agintaldia izan zen? Oposiziorik ez zen egon...
Hamalau plataforma ilegalizatu zuten garaiak ziren, eta gu, EAJ eta EAk osatutako koalizioa, bakarrik egon ginen udalbatzan. Nahiko talde ona osatu genuen, giro onarekin jardun genuen. Ilegalizazioa zela eta politikoki, ez zegoen giro onik, baina Udalean lan egiteko garai ona izan zen.

Herriko lehenengo alkate  emakumea izateak izan zuen eraginik?
Nire aldetik, nire lanean eta besteekin nuen harremanetan ez. Besteen nirekiko tratuan ere ez dut uste, giro normala genuen.

Garai hartan egindako zein proiekturekin zaude gusturen?
Askorekin, baina egia da lau urtek ez dutela gauza asko egiteko ematen; egin gabe utzi genituenak, dena den, dirulaguntzekin utzi genituen. Gure garaikoa da haur eskola. EAJren politika izan zen auzoko problematikari erantzutea: ura, saneamendua... Guri egokitu zitzaigun Arexola bukatzea eta Arriola, Zalgoerrotabarri eta Eguzkierripakoak egiteko dirulaguntzak lortuta utzi genituen, guk ez bukatu arren. Sartu ginenean Udala diru gabe zegoen, eta urtebete kosta zitzaigun hori eguneratzea. Guk diruarekin utzi genuen.

Arantzatxorik geratu zitzaizun?
Udalean sartzean egundoko proiektuak dituzu buruan. Zaharren egoitza bat jartzeko asmoa genuen, eta nahiz eta planteatzea bera bakarrik oso zaila izan. Lortu genuena da Aita Mennirekin genuen hitzarmena zabaltzea, plaza gehiago lortu. Bertara joateko garraioa ere jarri genuen. Egoitza bera, baina, ez genuen lortu.

Herri txiki bateko alkate izanda, borroka handia egin behar izan zenuen erakunde handiagoekin?
Bai, garai hartan Aldundian PP zegoen eta zaila izan zen. Garrantzitsua da Aldundian dagoen jendeak herriak eta bertako arazoak ezagutzea, eta PPko askok ez zuten Aramaio ezagutzen. Ordu asko galdu genituen:  lehenengo, konbentzitu egin behar zen, gure herriaren arazoak azaldu; eta gero, genituen proiektuak planteatu eta burutzea lortu behar zen. Esan behar da lan handia eginda proiektu asko atera genituela aurrera.

Zer da horrelako kargu baten egotearen onena? Eta txarrena?
Aramaiokoa izan eta herria ezagutu arren, gehiago ezagutzeko aukera eman zidan, lekuak eta  jendea. Herriaren alde egitea izan zen  onena. Txarrena? Hori dagoeneko borratu dut.  Ni izan nintzen Aramaion soldata izan nuen lehen alkatea. Lan hartan jarduteko nire lana utzi behar nuen, eta beti izan naiz, lehen eta orain, alkateok kobratzearen aldekoa. Erabaki oso kritikatua izan zen baina zuk ezin dituzu azalpen guztiak eman.

Alkate izan eta hurrengo hauteskundeetan ez zinen hautagai izan. Erreta bukatu zenuen?
Adinean aurrera nindoan eta beste planteamentu batzuk nituen. Ondo edo gaizki, baina herriaren alde lan handia egin nuen, eta nekatu samar nengoan. Aldatu beharra sentitzen nuen, atseden hartzekoa. Faltan igartzen dudan? Ez, izugarrizko lana da. Oraingoz,  ez dut itzultzeko asmorik.

Egun, nola ikusten duzu herria?
Ondo. Egun daudenak ezberdinak dira, batez ere lan egiteko orduan, baina onartu beharra dago. Gazteak dira eta horrek asko pozten nau, ni haien ideia berekoa izan ez arren. Oso ondo dago Aramaio orain, baina gustatuko litzaidake azpimarratzea nire aurretik egondakoek egindakoen ondorio dela hori batez ere. Izen abizenak dituzte, baina denak dira politikariak, askotan hain gaizki ikusita dagoen hitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak