Bertxoko sariketa hasiko da bihar, bertsolari gazteei plazak emateko asmoz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko azaroaren 2a

Bihar, azaroak 3, hasiko da Bertxoko sariketa. Hala Bedi irratiak eta Arabako Bertsozale elkarteak lankidetzan eta Arabako Aldundiaren babesarekin antolatzen duten bertsolari gazteendako sariketa da –ez dago adin muga zehatzik baina gutxi gorabehera 25 urtera arteko bertsolariek hartzen dute parte– eta dagoeneko Arabako bertso mugimenduaren urteroko zita bihurtu da. Helburu finkoak ditu: bertsolari gazteei plazak ematea, eta Arabako entzuleriari saio dinamiko, fresko eta animatuak eskaintzea.

Bertsolariek kanporaketetan egin beharreko bertsoak hauexek izango dira: agurra –kantu ezagun batean oinarritua eta puntuagarria–, zortziko handian zein txikian hiruna bertso ofiziotan, puntuari erantzuna –bina puntu–, bakarkako bertso bat gaia formatu berezian emanda eta hirunaka jarrita hiruna kopla Santi Mamiñe doinuarekin.

Finalean, berriz, kanporaketetako lana errepikatuko dute eta gainera, kartzela ere izango dute: hamarreko txikian hiruna bertso egin beharko ditu bertsolari bakoitzak.

Aramaio, protagonista
2011ko edizioan 18 bertsolarik hartuko dute parte eta hiru kanporaketa jokatuko dira. Lehena, eguenean izango da, Gasteizko Errexala elkartean.

Aurten ere Aramaio protagonista izango da Bertxoko sariketan. Bi aramaioarrek hartuko dute parte, eta gainera, finala Iturrieta sagardotegian jokatuko da, azaroaren 25ean. Paula Amilburu eta Xabi Igoak osatuko dute Aramaioko ordezkaritza: Amilburuk azaroaren 11n Kanpezuko Ibernalo etxean abestuko du eta Igoak, berriz, hilaren 18an Aguraingo Aitxuri elkartean. Kanporaketa bakoitzeko lehen bi onenak sailkatuko dira finalera eta beraz, Iturrietan jokatuko den finalean sei bertsolari izango dira.

Xabi Igoa: "Giro ederra egoten da, bai horixe"

Bigarren aldiz hartuko du parte Xabi Igoak Bertxoko sariketan: "Giro ederra egoten da, bai horixe. Berezitasunak ditu, gainera. Adibidez, agurra puntuagarria da eta abesti ezagunen baten doinuan oinarrituz egin behar da bertsotan. Denetariko doinuak erabili izan dira: Doraemon, Sintxan edo Gozategi, esaterako".

Paula Amilburu: "Ondo pasatzea dut helburu"

Paula Amilburu, berriz, lehen aldiz izango da Bertxokon: "Zaila izango da eta urduri egongo naiz. Hala ere, ondo pasatzera noa, badakit ez naizela finalera pasako. Bertsolari onak daude eta sariketa ezagutzera noa".

Saio guztiak afalostean hasiko dira; afaria 20:30ean hasiko da eta afaria, berriz, 22:30ean. Afarirako saioa baino bi egun lehenago eman behar da izena. Bi modu daude horretarako: 675 707 971 telefono zenbakira deituta edo araba.sustapena@bertsozale.com helbide elektronikora mezua bidalita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak