Aramaioko historiaren 400 une jaso ditu Udalak, argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 28a

1950. urtea baino lehen Aramaion ateratako 400 argazki inguru jaso ditu Udalak. Beranduagokoak ere badaude, baina gehienek 60 urte baino gehiago dituzte. Zuri beltzean dira beraz, eta denetariko argazkiak aurki daitezke: jaietakoak eta bestelako ospakizunak, nekazaritza jarduna erakusten dutenak, eskola giroan ateratakoak... 400 argazki horietatik 300 bat digitalizatu dituzte. Udaleko ordezkariak azaroan bilduko dira argazkiok kontsultatzeko moduan jarriko duten arduradunekin. Izan ere, programa informatiko baten bidez erakutsiko zaizkie herritarrei.

Lan hori egiteko beka atera zuen Udalak eta Naia Bailez aramaioarra izan zen auzoz auzo eta etxez etxe zein baserriz baserri argazkiok batzearen arduraduna. Urtarril amaieran hasi eta maiatzera arte aritu zen lan horretan.

Bailez ez zen auzo guztietara heldu; hala azaltzen du bilketaren ostean egindako memorian: "Interes pertsonala guztiz ase dut, baina ez ditut nahi beste argazki bildu". Hala ere, bilketa lanean ezagutu duen jendea eta bizi izan dituen egoerengatik "esperientzia oso aberasgarria" izan dela dio.

Ondo katalogatu eta erakutsi 
Udalari interesgarria iruditu zitzaion argazki artxiboa osatzea, herritar bat baino gehiago joan izan delako udaletxera ea aspaldiko argazkiak dituzten galdetzera.

Lehen bilketa horren ostean Udalaren asmoa da argazki horiek guztiak herritarren eskura jartzea, modu erraz baten ikus ditzaten. Horretarako argazkiok programa informatiko baten bidez ondo katalogatu behar dituzte, herritarrei modu itxuroso baten aurkezteko. Izan ere argazkiak protagonista, ateratze data eta bestelako informazio osagarriarekin jarriko dira kontsultatzeko moduan.

Katalogazioa, azaro hasieran
Udalak oraindik ez du erabaki argazkiak non eta nola zabaldu. Udaletxean jarriko dituzte printzipioz baina posible da kultur etxean ere jartzea. Izan ere, oraindik ez dituzte argazki guztiak digitalizatu eta ez dira katalogazio prozesuarekin hasi.

Udaleko ordezkariak azaro hasieran bilduko dira programa informatiko hori instalatuko duten arduradunekin.

Naia Bailez, argazki bilketaren arduraduna: "Nire amona balira bezala egin didate berba, eta hori oso polita da"

Etxez etxeko bilketa ez da erraza izan baina esperientzia oso aberasgarria izan dela dio. Aramaioko zazpi auzotan jaso ditu argazkiak, eta beraz, badaki beste asko falta direla.

Nahi beste argazki jaso ez dituzula diozu. Zergatik?
Aramaion etxez etxe joateak lan handia suposatzen du. Herri handia da eta auzoz auzo joan beharra dago. Aramaioko14 auzoetatik zazpi auzotan jaso ditut argazkiak. Horregatik diot 400 jaso baditut ere 800 egon daitezkeela, eta guztiak interesgarriak direla.

Lan handia baina gustura egindakoa, ezta?
Pertsonalki oso aberasgarria izan da, lehengo ohiturak eta bizimodua nolakoa zen lehen eskutik jasotzeko aukera izan dudalako. Istorioak kontatzeko moduak harritu nau, nire amona balira bezala kontatzen zizkidaten garai hartako gorabeherak. Eta gertutasun hori oso polita izan da niretako. 

Gomendatzeko moduko lana da? Norendako?
Edonorendako. Lan polita da Aramaion bertan lehen nola bizi ziren jakiteko; plazer hutsa da herriko pertsona nagusien testigantza jasotzea. Adibidez, parrandan egitera Urkiolara oinez joaten zirela entzutea... hori gaur pentsaezina litzake. Eta uste dut eurei ere gustatzen zaiela pertsona gazte bat ikustea aspaldiko kontuen gainean galdezka.

Hona hemen Udalak jaso dituen argazkietako batzuk:

Erreruena parean familia argazkia 1940ko hamarkadan 

 

Azkoaga auzoko plazan Juan Ramon, Karmelo eta Donato Kortabarria, 1947an.

Argazkiaren jabetza: Etxaluze baserria

Simon idiekin, 1950eko hamarkadan

Argazkiaren jabetza: Etxaluze baserria

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak