Aramaio Baserri Barriren eraikineko bigarren faseko lanak esleitu ditu Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 27a

Aramaio Baserri Barri ekimenaren egoitza nagusia izango dena aurrera doa. Ikerketa eta berrikuntza zentroa izango da eta atzoko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak bigarren faseko lanak esleitzea. Bergarako Artzamendi enpresak egingo ditu lan horiek eta datorren egubakoitzean, azaroak 4, sinatuko dute kontratua Udalarekin. Bestalde, Gorrien Bidea konpontzeko lanak amaitutzat eman zituen udalbatzak. Amaitzeko, azaroaren 20ko hauteskundeetarako zozketa ere egin zuten atzoko plenoan.

Udalbatzak aho batez onartu zuen ABBko eraikineko bigarren faseko lanak Artzamendi enpresari esleitzeko proposamena, EAJko zinegotzi Iñaki Nafarreteren abstentzioa izan ezik.

Egun Mendiolan kokatuta dagoen eraikinaren egitura dago eginda bakarrik eta hastear dagoen bigarren fasean fatxada egin eta gune ezberdinak zehaztuko dira. Hainbat elkarte eta proiektu bilduko dira eraikin beraren bueltan, besteak beste, Aramaiako sagarzaleen elkartea eta kontsumo taldeak.

Gorrien Bideko konponketa lanak, amaituta

Bestalde, aurreko legealditik datorren proiektu bati amaiera eman zitzaion plenoan. Hau da, Aramaio eta Otxandio lotzen dituen Gorrien Bidea konponduta dago. Lanok aurrera eramateko ezinbestekoa izan da Diputazioaren laguntza.

Amaitzeko, atzoko plenoan egin zen azaroaren 20ko hauteskundeetarako mahaian egon behar direnen zozketa, programa informatiko baten bidez. 18 herritarrek jasoko dute jakinarazpena datozen egunotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak