Joseba Jauregi, Aramaioko baserritarra: "Dirulaguntza barik pentsaezina litzake gazteak baserrira ekartzea"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urriaren 14a

Txikitatik "nahiko argi" zuen Joseba Jauregik (Aramaio, 1973) baserria izango zuela ogibide. Arabako Diputazioak iragarri dituen dirulaguntzen handitzea begi onez ikusten du; gazteak baserrira erakartzeko ezinbesteko amua direla uste du. Arexola auzoan izan gara harekin, paraje ederrean. 

Zer iruditzen zaizu Arabako Diputazioak nekazari berriendako dirulaguntzak handitu izana?
Albiste ona da. Entzun dudanez, %30 gehiago banatuko dute datorren urtean. Argi dago banatuko duten diru guztia ongi etorria izango dela. Baserrian hasten direnak ahalik eta egoera onenetan hasteko balio badu, aurrera.
Izan ere, egoera dagoen moduan egonda dirulaguntza barik pentsaezina litzateke gazteak baserri mundura erakartzea.

Eta egoera nola dagoen jakinda, zergatik aukeratu zenuen baserria?
Familiatik dator. Gurasoak baserritik bizi izan dira betidanik eta nik baserria txikitatik ezagutu izan dut. Amak aurre-jubilazioa eskatu zuen eta orduan, 2007an, GazteNet proiektuan sartu nintzen, dirulaguntzak eskatu ahal izateko. Dirulaguntzez gain, aholkularitza zerbitzua ere ematen dute. Hori bai, laguntzak jasotzeko tramiteak luzeak izaten dira eta atzerapenak dira nagusi.

2007an hamar bat lagun geunden eta 2011n, berriz, 28 bat lagunek eman dute izena. Proiektuaren arduradunetako batek jakinarazi didanez, krisiaren ondorioetako bat da. Hau da, jendea baserrira bueltatzen ari da lanik ez duelako aurkitzen.

Zu zeu dirulaguntzak jasotakoa zara, beraz.
Bai, hala da. Guztira 50.000 euroko dirulaguntza jaso dut eta beste laguntza batzuk kontuan hartuz, inbertsioaren erdia ordaintzeko eman zidan.

Oraindik ere baserritik bizitzea posible da orduan?
Bizi bai, bizi gara, baina egoera ez da ona. Lehengaiak asko garestitu dira. Zerealekin, esaterako, Burtsan inbertitzen hasi dira eta horrek gorabehera handiak suposatzen ditu prezioetan. Pentsua oso garesti dago oro har.
Gainera, okelari eta bestelako produktuei dagokienez, kanpotik dator produktu asko. Gure harategietan bertako haragia da nagusi baina EAEn kontsumitzen den haragiaren %80a kanpokoa da. Izan ere, supermerkatu handietan kanpoko haragia saltzen da gehienbat. Prezioan ez dago alde handirik eta horrek ez digu mesede egiten. Gu duela 20 urteko prezioan ari gara haragia saltzen.

Aramaion ahalegin berezia egiten ari zarete baserria bultzatzeko, Aramaio Baserri Barri ekimena da horren adibide. Nola baloratzen duzu?
Oso ekimen polita eta interesgarria da, poliki eta urratsez urrats joan behar den proiektua. Salmenta zuzenean hasitakoak dira, barazkiekin batez ere. Kontsumo taldea oso ondo ari da funtzionatzen. Produktuek bide motza izan behar dutela deritzot eta helburu hori betetzeko salmenta zenbat eta gertukoagoa izan, hobe. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak