10:30ean herriko trikilari eta txistulariekin hasiko da ospakizun eguna. Gero, 12:00etan, urtean zehar hildako erretiratuen omenezko meza nagusia egingo dute San Martin parrokian. Mezan parte hartuko dute umeen Papargorri eskolaniak eta Bizente Goikoetxea abesbatzak.
13:00etan euskal dantzen saioa egongo da, Lagun Artea dantza taldearen eskutik. Egitaruarekin amaitzeko, 14:30ean, bazkaria egingo dute kiroldegian. Bazkarian parte hartzen dutenen artean hainbat opari zozketatuko dira eta urtero moduan, sari potoloa bi lagunendako Benidormerako bidaia izango da.
Baserritarren azoka
Goiz osoan zehar Ibarrako elkarteetan erretiratu guztiendako salda eta ogitarteko txikiak egongo dira. Bestalde, Erretiratuen jaian baserritarren azoka izaten da ekitaldi aipagarriena. Aurten herriko 17 baserritar eta artisauk hartuko dute parte.
Itur Zuri emakume elkartearen eskulanak, bertako baserritarren barazkiak eta gazta, San Martin eskolako LH-ko seigarren mailako ikasleen pastelak eta herriko erlezainek ekarritako produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da. Nardeaga kalean egongo da kokatuta azoka. Abereak ere egongo dira eta baita kanpoko baserritar eta artisauak ere.
Antolatzaileek jakinarazi dute aurten hainbat eskaera jaso dituztela, baina oraindik ez dute erabaki parte hartuko duten edo ez; datorren astean erabakiko dute.
Azkenik, domekan ere egongo da zertaz gozatu. Izan ere, artzain txakur txapelketa egongo da goizean zehar.