Indarguneen artean honakoak daude, besteak beste: biodibertsitate eta paisaiari dagokionez "ondare bikaina" duela, lehen sektorea bultzatzeko ekimenak abiarazi izana–Aramaio Baserri Barri, kasu–, biztanleriaren dentsitatea gorantz doala –herritarren %82ak ez du herria uzteko asmorik–, herritarren %93a euskalduna dela, jarduera eta okupazio maila altuak direla eta hondakin sorrerari dagokionez, EAEko batezbestekoaren azpitik dagoela –gainera, ikerketak dio beheranzko joera duela–.
Ahulgune nagusiak
Ahulguneak ere badaude, adibidez, mugikortasunaren kudeaketa hobetu beharra: garraio publikoaren eskaintza hobetu behar da, batez ere Arrasatera joateko.
Gainera, AHTak Aramaioko ondare naturala suntsitzeaz gain, herritarrek proiektuarekiko erakutsitako desadostasuna nabarmentzen da ikerketan. Gizarte zerbitzuetan gabezia dagoela, DBHko ikasketak egiteko Arrasatera joan beharra eta nekazaritza hondakinak kudeatzeko sistema bateraturik ez egotea dira identifikatu diren beste ahulguneetako batzuk.
Hitzetik ekintzarako unea
Ekintza planak datozen zortzi urteotarako helburuak finkatzen ditu, eta 11 lerro estrategikoz, 33 programez eta 97 ekintzez osatuta dago. "Orain, martxan jartzeko garaia heldu da", dio Jon Toña Tokiko Agenda 21aren koordinatzailea: "Tokiko Agendaren prozesua ez da Ekintza planaren ezarpenarekin amaitzen, baizik eta iraunkortasunaren aldeko hobekuntza prozesu bat bezala hartu behar da. Prozesu horretan ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartzea".