Lierni Altuna Zuiako Koadrilako presidentea

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 4a

Zuiako Koadrilako Eskualde Batzarra osatuko dute gaur Zuian, Murgian. Lierni Altuna aramaioarra izango da presidentea. Lehen aldiz izango da aramaioar bat Zuiako Batzarreko presidente eta lehen aldiz ez da izango EAJko kide bat Zuiako Batzarreko burua.

Hain justu ere, hiru batzarkide izango ditu Aramaioko Udalak Zuiako Koadrilako Eskualde Batzarrean. Honako hauek: Ramon Ajuria alkatea, eta Edurne Uribarren eta Lierni Altuna zinegotziak. Hirurak ere Bildukoak.

Hauxe da udal bakoitzak Zuiako Koadrilako Batzarrean izango duen ordezkaritza:

  • Aramaio: 3. Hirurak Bildukoak.
  • Arrazua-Ubarrundia: 2. Bilduk eta EAJk, bana.
  • Legutio: 3. Bilduk 2 eta EAJk bat.
  • Urkabustaiz: 3. Bilduk 2 eta EAJk bat.
  • Zigoitia: 3. Bilduk 2 eta Sarragoa taldeak bat.
  • Zuia: 5. Bilduk eta EAJk, bina, eta ZBG taldeak bakarra.

Orotara, Bilduk 12 ordezkari izango ditu eta EAJk, berriz, 5.

Bilduk erabateko gehiengoa duenez Zuiako Koadrilako Batzarrean, Lierni Altuna Bilduko hautagaia izendatuko dute presidente.

Ekitaldia Murgiako udaletxean egingo dute gaur, 19:30ean hasita eta, besteak beste, Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Juan Antonio Zaratek (PP), eta idazkariak hartuko dute parte. Hain justu ere, Batzar Nagusietako presidenteak izendatuko ditu karguak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak