Murugaineko indusketen balorazio positiboa egin dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko irailaren 30a

Ondare Babeseko kideek Burdin Aroko harresi baten zati desberdinak eta Espainiako Gerra Zibilari buruzko aurreikuspenak berretsi dituzte uztailean Murugainen egin zutuzten indusketekin. Aurkikuntzen balorazioa  emateko, atzo ilunkaran hitzaldia eta mahai-ingurua egin zituzten Aramaioko Satiñan eta zapaturako auzolana antolatu dute herritarrak Murugainera joan eta han egin dena ikusteaz gain, zundaketak tapatu eta dena txukun uzteko.

Oso pozik daude Ondare Babesekoak uda partean Murugainen egindako indusketen emaitzekin. Lan horietan parte hartu zuen Etor Telleria arkeologoak aipatu du Burdin Aroko eta Espainiako gerrako ikerketa lerroen gaineko aurreikuspenak bete egin direla.

Burdin Aroko harresia

Ondorio nagusietako bat izan da Murugainen herri harresia bazegoela berrestu dutela. Horren harira, arkeologoak azaldu du indusketei esker Burdin Aroko harresia bistaratu egin dela, eta hainbat zatitan, gainera, ondo kontserbatuta dagoela egiaztatu dutela. Horrez gain, Burdin Aroko aroarekin jarraituz, barruko bizileku baten aztarnak topatzen saiatu dira. Ondare Babeseko arkeologoaren esanetan, aurkikuntza horiek ez dira hain garbiak izan. Zeramika puskak eta eskuzko errota zatia agertu dira, eta horrek erakutsi du bizileku bat zegoela han, baina ezin izan dute lotu bizileku zehatz batekin.  

Gerra Zibileko trintxerak

Beste ondorio nagusietako bat izan da Espainiako Gerra Zibilean trintxeretan nola mugitu ziren ikusi ahal izan dutela. Lubakia Burdin Aroko harresiaren atzetik egina zegoen; aprobetxatu zuten aurretik eginda zegoen egitura defentsiboa. Dragones batailoiko gudariak eta sozialista gazteak izan omen ziren han Elorregiren esanetan. Horrez gain, munizioa eta hustuta dauden 60 janari poto agertu ere agertu zirela kontatu digu. Telleriaren esanetan, horrek agerian utzi du gotorleku edo sukalde modukoa zegoela han.

Bihar, zapatua, auzolana

Bihar, ostera, Murugaineko indusketa-gunea bertatik bertara ezagutzeko irteera egingo dute. Herritarrak goizeko 09:00etan, pilotalekuan daude geratuta, eta ordi erdi beranduago, auzolanarekin hasiko dira Murugainen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak